Nafarroako Parlamentuko kultura batzordeak Harriondoa Kultur Etxea bisitatu zuen martxoaren 20an eta udal ordezkariek Herriko Etxeko hirugarren solairuan dagoen liburutegia Kultur Etxera eramateko dirulaguntza eskaria aditu zuten.
Toki polita izanagatik, gaur egungo liburutegiak ez du batere erraztasunik eskaintzen bertara ailegatzeko, igogailua bigarren solairuraino bakarrik igotzen baita. Horrek, irisgarritasun eta segurtasun arazoak sortzen ditu, sarbide eta aterabide bakarra duelako, eskailerekin…. Bertze aldetik, kultur etxean liburutegia hartzeko tokia prestatua dago, baina hutsik. Hortaz, liburutegiko materiala lehenbailehen eramateko eta beharrezko mobleak jartzeko laguntza eskatu zuten. 60.000 euro inguruko aurrekontuarekin aski litzatekeela uste dute udal ordezkariek.
Udal ordezkariek eta kultur teknikariak egin zieten harrera Nafarroako Parlamentuko ordezkariei. Eskatzen den laguntza ez dela kantitate handia erran zieten udal ordezkariek eta parlamentariak ados agertu ziren horrekin. Aldaketa nabarmena izanen dela gaineratu zuten: segurtasuna, sartzeko erraztasuna, funtzionalitatea, interneteko konexioa erraztuta bertze libutegian dagoen materiala eskuragarria izatea… lortuko dela. Egun berean mozioa aurkeztu zuten laguntza eskariarekin parlamentuan eta orain erantzunaren zain daude Herriko Etxean, dirulaguntzarik gabe ezin baita lekualdatzea egin.