«Zauriak sendatu eta aitzinera ­begira jartzeko urratsak behar dira»

Eneritz IRAOLA 2014ko apirilaren 3a

Jon Abril, Berako Udaleko Zinegotzia. Artxiboko argazkia.

Euskal Herriko panorama politikoan emandako aldaketen ondotik,  herri mailan ere «bakerantz urratsak emateko garaia» dela iritzita, Bake eta Elkarbizitza Sustatzeko plana jarri du abian Berako Udalak. Nafarroan halako ekimena martxan paratu duen lehendabiziko udala da. Baketik erakundearekin harremanetan jarri eta hasi dira lanean, herritarrei oinarrizko trebakuntza ikastaroak eskainiz. Ikastetxeetan eman nahiko lituzkete ondorengo pausoak eta foro parte hartzaile bat osatu ere bai.  
 
Eneritz IRAOLA
 
Zergatik jarri duzue plan hau abian?
Zenbait instituzio, alderdi politiko eta eragile sozial bakerantz urratsak ematen ari direla ikusita, herri mailan ere landu behar zen gaia zela erabaki genuen. Gatazkaren adierazpiderik gordinenak herri gisara ere zeresana eta zeregina badugu. Elkarbizi­tza be­rriz ere jorratu, zauriak sendatu eta ai­tzinera begira paratzeko beharrezko ahalegina da. Gainera, Nafa­rroako Gobernuak bide hau lantzeko inolako interesik ez duela ikusteak, gure ekarpenari garran­tzia gehiago ematen dio.
 
Zein pauso eman dituzue orain artean?
Baketikekin harremanetan paratu ginen aholkularitza jaso­tzeko, Gipuzkoan gisako esperientziak lan­tzen ari da taldea eta beraien ekarpena baliagarria izan zitekeela uste genuen. Gatazka eta berradiskidetze prozesu bat zer den ezagu­tzeko oina­rrizko ikastarotxo bat egin genuen zinegotziek eta ondotik, hori bera da herritarrei eskaini dieguna. Ikastetxeekin ere landu nahi dugu gaia eta dagoeneko harremanetan paratu gara. Herritarrei begira berriz, oinarrizko formakuntza honen ondotik, foro bat sortzea da gure asmoa. Herritar orori bere bizipenak, sentimenduak eta ikuspegiak agertzeko toki bat eskaini nahi diegu.  Errespetuzko ja­rrera batetik, modu eraikitzaile batean lan egin nahi da. Herrian izan diren eta diren sentsibilitate, ikuspegi eta min desberdinak jasoz, ai­tzinera begira herri bezala ere zer  landu behar dugun ikustea da asmoa. Hortik aitzinera urratsak pixkanaka ematen  joanen gara. Ber­tze lan ildo bat ere badugu: sentsibilizazioa. Publiko zabal batengana ailegatzeko moduak  lantzen ari gara, prozesua ahalik eta emankorrena izan dadin.
 
Zein da muga zailena?
Gaiak berak duen zama. Ezin da arinkeriaz landu oraindik sufrimendu aunitz dagoelako. Elkarbizitza eta bakerako oinarriak eraikitzeko daude. Presoen egoera begi bistakoa da eta baita horrek gizartean sortzen duen sufrimendua ere. Gure herrietan bertan ere izan dira ETAren indarkeria pairatu duten herritarrak. Denengana hurbiltzeko ahalegina egin behar dugu. Elkarbizitza hobe­tzen bada, herri hobe batean biziko baikara.
 
Zein izan da oraingoz parte hartzea?
Horixe da dugun erronkarik handiena eta normalean hasieretan gehien kostatzen dena, sinesgarritasun hori lor­tzea da. Aitortu behar dugu oraindik ez dugula lortu sentsibilitate guztietako jendea erakartzea. Akaso, ez da erraza izanen, sentsibilitate jakin batzuetakoak hurbiltzea foro ireki batzuetara. Zenbait jende agian ez dago pres­tatua urteetan arerio­tzat  jo duen horren ondoan esertzeko. Baina, azpimarratu nahi nuke, antolatzen diren ekimen guztien izaera zabala eta anitza izatea nahi dugula eta bide horretan lanean segiko dugula.  Zenbat eta ikuspegi gehiago jaso, aberasga­rriagoa eta hobea izanen dela konbentzituta gaude. Dena den,  ho­rrek ez du erran nahi  sen­tsibilitate jakin batekoek parte ez hartzea erabakitzen badute prozesua bertan behera geldituko denik. Hasia dagoen bidea da eta ez genuke batzuen ezezkoak oztopo izatea nahi.
 
Non hasten da aldaketarako bidea?
Norberak hasteko bere etxe barrenean landu behar du gaia. Denok dugu zer berrikusia eta autokritika egitea beharrezkoa da. Denok ez maila berean. Guk konpromiso soziala, konpromiso pertsonaletik abiarazten dela azpimarratzen dugu.
 
PROZESUAREN ERRITMOA
Sufrimendu bakoitza partikularra da, hori da abiapuntua. Ezin dira egoerak bortxatu. Aukerak eta bideak irekitzea da helburua. Bakoitzak bere erritmoak beharko ditu, bere denbora hartuko du, bere hausnarketa izanen du. Batzuentzat errazagoa izanen da sufrimendu horretaz solastea, bertzeen­gana hurbiltzea… egoera bakoitzaren arabera ere molda­tzen joan beharko dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun