Nafarroako Haur eta Gaztetxoen Kantari Jaialdiko lehenbiziko saioa larunbatean eginen da Beran

Ttipi-Ttapa 2014ko martxoaren 28a

Berako Jesusen Bihotza eskolako bi talde ariko dira larunbatean kantari.

18:30etik aitzinera Kultur Etxean hainbat neska-mutiko taula gainean ariko dira

18:30etik aitzinera Kultur Etxean hainbat neska-mutiko taula gainean ariko dira. Tartean izanen dira, Berako Jesusen Bihotza Ikastetxekoak, Baztan Ikastolakoak eta Iturengo Pulunpa eskolakoak. Bakarka, binaka edo taldeka ariko dira kantari.

Nafarroako Haur eta Gaztetxoen Kantari Jaialdiari larunbat honetan, martxoak 29, emanen diote hasiera Beran. Guztira lau jaialdi eta finala jokatuko dira eta horietan lehenbizikoa izanen da larunbatean Berako Kultur Etxean eginen dena. 18:30ean hasita, bakarka, binaka edo taldeka neska-mutikoak kantari ikusteko aukera izanen da, eta tartean izanen dira eskualdeko hainbat: Baztan Ikastolakoak, Berako Jesusen Bihotza ikastetxekoak eta Iturengo Pulunpa eskolakoak.

Baztan Ikastolakoek Vendetta taldearen Udarako gau luzeak kanta abestuko dute. Berako Jesusen Bihotza ikastetxetik bi talde aurkeztuko dituzte. Alde batetik, Xuruflaia taldeak Kantu Jaialdia interpretatuko du, Abba taldearen Mamma mia abestia euskaraz. Bertze taldea Larun Ttiki taldea da, eta Txirri, Mirri eta Txiribitonen Erromako zubia kanta taularatuko du. Iturengo Pulunpa eskolatik, berriz, hiru talde izanen dira larunbatean Beran. Joaldunak taldeak Euskara koloretan Udalekuetako kanta abestuko du, 13 Mariatxiak taldeak Etzakit taldearen Eskurik eskuekin, eta Urretxindor taldeak Txomin Artolaren Aberriaren mugak kantaren bertsio modernoa. Eskualdeko hauekin batera, Iruñeko Jaso Ikastolakoak ariko dira Beran.

Lau jardunaldi

Nafarroako Haur eta Gazteen Kantarien Jardunaldien barne, lau jardunaldi jokatzekoak dira. Berako saioaren ondotik, Etxarri Aranatzen martxoaren 30ean eginen da bigarrena, hirugarrena Zangotzan apirilaren 5ean eta Artikan laugarrena apirilaren 6an. Horietan parte hartzen duten batzuek lortuko dute gerora jokatuko den finalerako txartela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun