Inguruko bertze hainbat herritan egiten ari den bezala, Gure Esku Dago dinamikaren aurkezpenerako deialdia egin zuten martxoaren 21ean Berako Kultur Etxean arlo ezberdinetako hainbat herritarrek. Ortziral honetan, martxoak 28, izanen den aurkezpenerako gonbidapena luzatu zuten bertan bildu zirenek. Aurkezpena Beralandetan izanen da, arratsaldeko 7etan, eta herritar guztientzat irekia izanen da.
Agerraldian aipatu zutenez, «garai berriak bizi ditugu Euskal Herrian. Garai berri hauek baliatuz, elkarlanaren ildotik urrats berri eta sakonak egiteko unea dela pentsatzen dugu. Ezinbertzekoa da elkarrekin aitzinera egitea ziklo berri eta ilusionagarri bat irekitzeko, eta bide honetan herritarrak protagonista nagusi bilakatu beharko ditugu».
Eremu, sektore, adin eta sentsibilitate desberdinetako beratarrak bildu ziren ortziralean Kultur Etxean, «baina demokratikoa eta unibertsala den eskubide batekiko atxikimenduak biltzen gaitu: erabakitzeko eskubidearekiko atxikimendua. Elkarlanean eta auzolanean, aitzinera begira pausoak emateko prest gaude, prest eta ilusionatuak. Argi ikusten dugulako, orain herritarrek hartu behar dugula lekukoa».