Nafarroako Parlamentuko kultura batzordeak Lesakako Harriondoa Kultur Etxea bisitatu zuen martxoaren 20an eta udal ordezkariek Herriko Etxeko hirugarren solairuan dagoen liburutegia Kultur Etxera eramateko dirulaguntza eskaria aditu zuten.
Hain zuzen, liburutegia Herriko Etxearen hirugarren solairuan dago eta toki polita izanagatik, ez du batere erraztasunik eskaintzen bertarar ailegatzeko, igogailua bigarren solairuraino bakarrik igotzen baita. Horrek, irisgarritasun eta segurtasun arazoak sortzen ditu, sarbide eta aterabide bakarra duelako, eskailerekin…. Bertze aldetik, kultur etxe berri dotorean liburutegia hartzeko tokia prestatua dago, baina hutsik. Hortaz, liburutegiko materiala lehenbailehen eramateko eta beharrezko mobleak jartzeko laguntza eskatu zuten. Izan ere, gaur egun liburutegian dauden mobleak neurrira egin ziren bere garaian Herriko Etxeko ganbararako eta zaharkituak gelditu dira gainera. 60.000 euro inguruko aurrekontuarekin aski litzatekeela uste dute Lesakako udal ordezkariek.
Severiano Txoperena jarduneko alkatearekin batera, Ainara Flores, Maider Arrieta, Jose Emilio del Rio eta Jose Luis Etxegarai zinegotziek eta Belen Mutuberria kultur teknikariak egin zieten harrera Nafarroako Parlamentuko ordezkariei. Pedro Burguera arkitektuak ere kultur etxearen eraikitze lanei buruzko xehetasunak eskaini zituen eta Kultur Etxeko areto eta gela ezberdinak erakutsi zizkieten parlamentariei.
Parlamentuko EHBilduren eskariz egin zen bisita eta talde horretako Miren Aranoarekin batera, Nekane Perez (NaBai-Aralar), Begoña Sanzberro, Ramón Casado eta Carmen González (UPN) eta Maria Victoria Arraiza (PSN) izan ziren bisitan. Herriko Etxean, gaur egungo liburutegia ere ikusi zuten. Parlamentariak ados agertu ziren eskatzen den laguntza ez dela kantitate handia erraterakoan eta horren ordez aldaketa nabarmena izanen dela, segurtasuna, sartzeko erraztasuna, funtzionalitatea, interneteko konexioa erraztuko duela beste libutegian dagoen materiala eskuragarria izatea…
Hortaz, ortzegun arratsaldean berean mozioa aurkeztu zuten mozioa laguntza eskariarekin parlamentuan.