Arantzako Ekaitza Elkarteak batzar orokorra eginen dute martxoaren 22an. 20:00etatik aitzinera, hainbat gai izanen dituzte hizpide. Alde batetik, zuzendaritza batzorde berria aukeratuko dute. Horretarako bazkideek emandako botoak bilduko dituzte eta boto gehien jasoko dituzten hamar lagunek osatuko dute hurrengo bi urteetarako zuzendaritza batzordea.
91 bazkide ditu gaur egun Ekaitza Elkarteak eta bazkideek horien artean gehienez hamar izen aukeratu beharko dituzte. Hala ere, oraingo batzarkideak ezin izanen dira berriz aukeratu. Aukeraketa egin ondotik, papera elkarteko postontzian sartu edo juntako norbaiti eman beharko zaio eta horretarako azken eguna martxoaren 22a izanen da.
Bertzetik, juntaren aukeraketaz gain, kontuak ere azalduko dituzte eta egindako obra eta ekintzen berri ere emanen da. Bertzelako iritzi eta proposamenak egiteko tartea ere izanen da.
Gaur egun zuzendaritza Juan Migel Almandozek, Gregorio Mitxelenak, Belen Mutuberriak, Iñaki Alustizak, Maixe Fagoagak, Aitor Telletxeak, Lucia Iparragirrek, Isidoro Goiak, Asier Etxepetelekuk, Xatur Larraldek, Jose Ramon Amorosek eta Xabier Zugarramurdik osatzen dute eta martxoaren 22ko batzarrean bazkide guztiei parte hartzeko deia egin diete.