Garun paralisiaren ondorioz, behar aunitz ditu Enaitzek eta ekonomikoki laguntzeko hainbat elkartasun ekimen antolatu dituzte. Enaitzen gelako gurasoek Enaitz gara taldea sortu eta ekitaldiz betetako maratoia paratu dute abian.
G. PIKABEA
Garuneko lesio bat tarteko burmuineko zati bat kaltetua denean, orduan agertzen da garun paralisia. Gaitz honek eragin zuzena du mugimenduaren garapenean eta zenbaitetan adimen intelektualean ere bai. Eta garun paralisia da Berako Enaitzek duena, Nagore eta Iñigoren semeak. Haurdunaldia konplikatu eta 29. astean jaio zen 2009ko martxoaren 31n. 980 gramo pisatu zituen eta inkubagailuan zegoela 870 gramotara jeitsi zen. Bi hilabete pasatu zituen inkubagailuan, oxigeno falta larria ere izan zuen, baina atera zen aitzinera. «Emozio eta berri aunitz jaso genituen garai gogorrak izan ziren, inori desio ez dizkiodanak». Horrelaxe oroitzen da garai haietaz Nagore Arretxea Enaitzen ama.
Geroztik, ordea, ia bortz urte pasatu dira eta tarte horretan aunitz ikasi dute. Enaitzek garun paralisiarekin ondorio larriak baditu ere, terapia bereziekin, errehabilitazio intentsiboekin, fisioterapia saioekin eta aparatu ortopedikoekin bertze mutiko bat da. «Horiek guztiak behar dituela» erran digu Nagorek, baina «orain momentu klabea da gorputzari ahalik eta etekin gehien ateratzeko. Hori dela eta, gorputza ahalik eta gehien landuz gero, seguruenik emaitza gehiago lortuko ditugu». Gailu ortopediko guztiak «prebentzio modura» erabiltzen dituela dio, «gorputza ahalik eta zuzenen mantendu ahal izateko».
DATUA
5
URTE
beteko ditu Enaitzek martxoaren 31n.
Beraz, lerro hauen bidez, aunitz urtez!
Baina terapia, saio eta aparatuen gainetik dago Enaitzen irria, indarra eta lanerako gogoa: «aitzinera ateratzeko eta borrokatzeko izaera sutsua du. Bere burugogorkeriagatik eta bere borondateagatik ez balitz, ez lituzke orain arte ikasi dituen gauza aunitz ikasiko», adierazi digu bere amak.
EGUNEROKOA
Eguna ongi hornitua izaten duela azaldu digu bere amak: «goizean ikastolara joan eta astean hirutan fisioa izaten du han. Fisioterapia saioa izaten ez duenean, gelakoekin jostatzen egoten da edota musikoterapia eta logopedia saioak izaten ditu. Ikastolan bazkaltzen du eta 16:30ean ateratzen da. Arratsaldetan, astean bitan fisioterapia eta psikomotrizitate saioak izaten ditu. Bertzenaz, etxean ariketak egiten ditugu». Agenda betea, beraz, eta hori mediku kontsultak kontuan hartu gabe.
KANPAINA SOLIDARIOAK
Garun paralisiak gastu aunitz sortzen ditu: fisioterapeutak direla, terapiak, aparatu ortopedikoak... Bada Enaitzi laguntzeko dirua biltzeko hainbat ekimen paratuak dira martxan. Joan den urtean, erraterako, plastikozko tapoiak biltzen hasi ziren eta ia eskualde osoan bildu dira. Enaitzen amak kontatu digunez, «Berako Labiaga Ikastolak proposatutako proiektua izan zen. Aspalditik genuen ideia buruan bueltaka eta beraien proposamenarekin aitzinera atera genuen». Balorazio «hagitz positiboa» egin du, «jendearen partehartzea eta laguntza izugarria izan da eta gisa honetako kasuak gizarteratzeko aukera ederra da». Hala ere, onartu du «horrelako proiektuek denbora eta tapoiak gordetzeko espazio aunitz eskatzen dutela eta gu alde horretatik nahiko eskas gabiltzala». Edozein moduz, sei-zazpi tona bildu dituzte dagoeneko.
Webgunea ere (www.enaitzlagundu.org) paratu dute martxan, baita bankuko bi kontu ireki ere. Aunitzek planteatu omen zioten hori, baina Nagoreren hitzetan, «gu irekitzeko ez ginela inor iruditzen zitzaigun. Norbaitek urrats hori eman nahi bazuen guk ez genuela arazorik izanen». Eta halaxe izan zen. Web orria bi lagunek egin zieten, eta horiek izan ziren bankuko kontuak ireki zizkietenak [Laboral Kutxa: 3035 0135 9413 5001 8710 eta La Caixa: 2100 4705 1321 0018 6193]. Erantzuna ona izaten ari omen da: «jendea hagitz solidarioa izaten ari da».
Bertzelako ekintzak ere egin dira dirua biltzeko: Iturenen herri kirolak, ferietan postuak... «Jendea laguntzeko borondate haundia erakusten ari da. Poz haundia ematen digu, horrela Enaitzek terapia intentsibo gehiago eta pentsatuak ez genituen gailu ortopediko batzuk erosi ahal izanen ditugu».
Baina elkartasunak ez du etenik eta Labiaga Ikastolako Enaitzen gelako gurasoek Enaitz gara ekimena sortu dute ekitaldiz betetako maratoi erraldoia egiteko. Kamisetak paratu dituzte salgai, baita boletoak ere euro batean Berako merkatarien laguntzarekin osatutako hamar saski zozketatzeko. Ekainaren 1erako zinema antolatu dute eta ekainaren 7an saskien zozketaz gain, haur eta nerabeentzako jarduerak izanen dira. Zehaztuak ez dauden egunetan, kontzertuak, pilota partidak, herri kirolak, antzerkiak... izanen dira.
ENAITZI LAGUNTZEKO
Berako merkatarien laguntzarekin 10 saski osatu dituzte zozketatzeko. Ekainaren 7an eginen dute zozketa eta dagoeneko boletoak salgai daude.
Krisiak ez du elkartasuna jo. Denen artean pizar bat egitea ez delako deus kostatzen eta pizar hori aunitz delako Enaitzek etorkizun hobea izan dezan. Izan ere, Nagorek dioen bezala, «malda haundiko bidea dugulako oraindik egiteko».
ENAITZEN AMAREKIN SOLASEAN
Nagore ARRETXEA | ENAITZEN AMA
«Bere bizitzeko gogoagatik ez balitz, gaur egun ez litzateke gurekin egonen»
2009ko martxoaren 31n jaio zen Enaitz. Eta geroztik pasatu diren bortz urte hauek «errusiar mendi baten antzekoak» izan direla aitortu digu Nagore Arretxeak, Enaitzen amak: «egun batean gailurrean eta hurrengo egunean, berriz, burua altxatu ezinean aurkitu gara». Hasierako garaiak izan omen ziren zailenak: «gehienbat lehenengo urtea erotzeko modukoa izan zen. Enaitz ez zegoela ongi ikusten genuen bai etxekoek eta bai medikuek ere eta proba aunitz egin behar izan zizkioten. Noraezean ibili ginen diagnostiko bat harrapatu arte». Azkenean gertatzen zenaz jabetu ziren: «emaitzak eman zizkigutenean eta arazoaren larritasunaz ohartu ginenean, hori dena barneratu eta onartu behar izan genuen», dio Nagorek, eta erran digunez, «agian hori izan zen pausorik gogorrena».
Ateak jotzea izan zen hurrengo urratsa: «Enaitzentzat onak izanen ziren terapiez informatu, fisioterapeutekin harremanetan jarri, antzeko beharrak dituzten familiekin harremanetan jarri...». Hainbat fundazio eta elkartetan sartuak daudela kontatu digu eta horrek «aunitz» laguntzen omen die: «horrela ohartzen baitzara ez zaizula zuri bakarrik pasatzen, antzeko kasuak badirela eta batez ere, gertatzen zaigunaz gure artean ulertzen garela. Ez baita berdina koadrilako lagun bati hau kontatzea edota pasatu duen norbaiti kontatzea».
Gogor eginez, gibelean gelditu dira ezjakintasun eta hasierako momentu haiek. Gaur egun, badakite zein den Enaitzen egoera: «ez da jarrita bakarrik egoten, ez da ibiltzen, ez da solasten, ikusmen urritasuna du...». Hori ezagututa, bizitza kalitatea hobetzea da orain erronka. Gainera, azken hiruzpalau urteetan, izaera ere onerako aldatu zaiola somatu du Nagorek: «orain dela hiruzpalau urterekin alderatuz, alai-alaia da. Kontent bizi da eta hagitz langilea da». Are gehiago, «bere bizitzeko gogoagatik ez balitz, gaur egun ez litzatekeela gurekin egonen», adierazi digu amak. «Ikastolara joateko desiatzen egoten da, han bere lagunekin ezin hobeki pasatzen baitu. Bere gelakideek aunitz maite dute».
HASIERA
«Gehienbat lehenengo urtea erotzeko modukoa izan zen. Enaitz ez zegoela ongi ikusten genuen bai etxekoek eta bai medikuek ere eta proba aunitz egin behar izan zizkioten. Noraezean ibili ginen diagnostiko bat harrapatu arte».
DIRUA BILTZEKO KANPAINA
Martxoaren 31ra arte bilduko dituzte plastikozko tapoiak
Birziklatze enpresaren fundamentu eskasagatik, martxoaren 31n plastikozko tapoiak biltzeari utziko diote Enaitzen senitartekoek. «Fundamentu eza hasieratik nabaritu genuen», azaldu digu Nagorek: «bidaltzen genuena kobratu ahal izateko, gibeletik ibili behar izaten genuen». Tapoiak bidali zituzten azken aldian 400 kilo guttiago ordaindu zizkietela ere jakinarazi digu Enaitzen amak eta «lan karga haundia zutenez, gehiago ez bidaltzeko erran ziguten».