Euskal Herriko pailazorik ezagun eta ospetsuenetarikoak larunbat honetan Arantzan izanen dira. Pelle Ttiki Arantzako Haur Eskolak gonbidatuta etorriko dira Pirritx, Porrotx, Marimotots eta beraien lagunak eta Bizipoza ikuskizuna eskainiko dute frontoian 18:00etatik aitzinera.
Bizipoza ikuskizunean hauxe ikusiko dugu: pailazoak irripidean barrena abiatzera doaz Panpoxa furgonetan. Txernobildik datorkien laguna jasoko dute aireportuan. Marimotots Panpoxa martxan jartzen saiatu da, baina ezin: motorra puzkerka hasi da, ke artean eztulka. Arduratuta daude gure lagunak, aireportura nola iritsi ez dakitela. Laguntza ez zaie faltako, eta konturatuko dira bizkarra emanaz elkarri denok garela elbarri. Kantuan eta dantzan, bizipozez eta auzolanean, mundu berri bat dugu zain.
Sarrerak
Oraindik norbaitek sarrerarik eskuratu ez baldin badu, badago erosteko aukera. Arantzako ostatuetan, Igantziko La Villa ostatuan, Etxalarko Elutsa ostatuan, Lesakako Izarra okindegian, Berako Xuga ostatuan eta Sunbillako Ariztigain kanpinean daude salgai, zazpi eurotan.