Bidasoaldeko salgai-hondarren lehen feria antolatu dute Lesakako Harriondoa Kultur Etxean martxoaren 15 eta 16an. Lesakako Zerbitzuen Elkarteak, Berako Larun Haizpek eta Doneztebarrak elkarteek antolatu dute feria, Cederna-Garalur, Lesakako Udala eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz. Larunbatean 16:00etatik 21:00etara eta igandean 10:00etatik 19:00etara irekiko dira Kultur Etxeko ateak.
22 komertzio
Guztira, 22 komertzio eta zerbitzuk parte hartuko dute eta kirol arropa, haur zein helduentzako moda, oinetakoak, etxetresnak, lentzeria eta mertzeria, estetika, produktu ekologikoak, lore eta landareentzako produktuak eta bertze hainbat material ere aurkitu ahal izanen da. Hiru elkarteek adierazi dutenez, stock-ean dituzten markako produktuak salneurri egokian eskuratzeko aukera aproposa izanen da, egokitu berri den gune batean eta etxetik hurbil.
Familia zein lagun taldeek asteburu pasa goxoa egin ahal izateko gainera, haurrentzako txokoa prestatu dute, hartara, etxeko ttikienek ere jolastuz edota margotuz pasatu ahal izanen dute denbora, guraso eta familiartekoek erosketak egiten dituzten bitartean.