Lesakako Batzoki elkarteak bigarren urtez antolatutako buruz buruko paleta goma txapelketako finalak jokatu ziren martxoaren 8an Lesakako udal pilotalekuan. Lehen eta bigarren mailako finaletan, bietan bazen Lesakako pilotaririk, baina bietan kanpora joan ziren txapelak, Urdazubi eta Egiara.
Lehenik, bigarren mailako finala jokatu zuten Lesakako Aitor Oiartzabalek eta Egiako Iñaki Altzurik. Lehen set-a lesakarrak irabazi zuen, 10-5. Baina bigarren setea, hutsean utzi zuen Altzurik Oiartzabal. Hirugarrena ere Egiakoak irabazi zuen, 10-3 eta honenbertzez, bigarren mailako txapela jantzi zuen gipuzkoarrak.
Lehen mailako finala aski berdindua izan zen. Jorge Etxepeteleku lesakarra eta Angel Larralde urdazubiarra izan ziren aurrez aurre. Lehen seta Larraldek irabazi zuen, 10-6. Bigarrenean, Etxepetelekuk berdindu zuen partida, 8-10 irabazita. Hirugarren seta ezin borrokatuagoa joan zen eta lesakarra 8-9 irabazten joan bazen ere, azken bi tantuak Larraldek egin zituen (10-9) eta txapela lortu zuen.
Sariak eta txapelak, txapelketako antolatzaile nagusia den Felix Santamariaren eta Gislene Alves Martins frontoiko arduradunaren eskutik hartu zituzten.