Manttale mendi lasterketa taldeak 2013an parte hartutako lasterketen balantze ona egin du. Taldeko emakume eta gizonek 85 probetan parte hartu dute, mendiko eta errepideko lasterketak kontuan hartuta.
Mendi lasterketetan, Manttalen lehen urtea zuen Joseba Larraldek Nafarroako Kopa irabazi zuen, baita Unzuen egin zen Nafarroako txapelketa indibiduala ere; Hiru Mugak lasterketa. Gainera, Antsoaingo Ezkaba Trail-a irabazi zuen eta bigarren egin zuen Etxarri Aranazko Joan Etorrian, Isabako Camille Extrem-ean, Oleta-Yasola-Oletan eta Sarako Kontrabandisten krosean.
Manttaleko kideek Nafarroako Kopako bosgarren edizioan parte hartu zuten baita Isabako Camille Extreme proban egin zen Euskadiko kopan ere, azken honetan taldekako 3. postua lortuz.
Anjeltxo Aranibarrek ere postu onak lortu zituen, hala nola, Urdazubiko kontrabandisten krosean eta Biriatu-Ibardin-Biriatun bigarren postuak. Bertzalde, Txus Unsionek, beteranoen artean nabarmentzen segitu zuen Nafarroako Kopako bosgarren postua lortuz beteranoen sailkapenean eta laugarren postua lortuz Bidarraiko Mendi lasterketan.
Inguruko lasterketatan ez ezik, bertze hainbatean parte hartu du Manttalek. Munduko Koparako puntuagarria zen Zegama-Aizkorrin, lau taldekide izan ziren (Anjeltxo Aranibar, Iñaki Larrañaga, Joseba Petrirena eta Txus Unsion).
Emakumeek ere gero eta lasterketa gehiagotan parte hartu dute, Ezkaba Trailean Jone Zelaietak lortutako bigarren postua, Azkaingo Neska Korrikan Idoia Maritxalarrek lortutako garaipena eta Ezpeletako Mondarrainera igoeran Irene Almandozek lortutako garaipenak nabarmenduz.
Errepidean ere, Euskal Herri osoan distantzia ezberdineko 40 bat lasterketetan parte hartu du Manttalek.
MANTTALE TTIKI
Iñaki Pikabea, Hegoa Telletxea eta Jone Zelaieta arduradun diren Manttale ttiki atletismo eskolak seigarren urtea bete du, 50 haur ingururekin. Urritik ekainera larunbat goizero entrenamendu bat egiten dute. Haurrak hiru taldetan banatzen dira eta atletismoarekin lotuta dauden hainbat ariketa egiten dituzte kiroldegiko kanpoko zelaian, kiroldegian bertan edo Matzada futbol zelaian. Bi ordu irauten duten entrenamendu hauek hainbat irteerekin, lasterketekin edota mendi bizikletarekin konbinatzen dira eta kurtsoa Olitera egindako eskurtsio batekin itxi zuten. Hasieran Arantzazu eta Urbiara joatekoak ziren, baina eguraldi txarragatik aldatu zuten.