Mastegiko kobazuloak berreskuratzen ari da Beti Gazte auzolanean. Futbol zelaiaren gaineko aldean, herritar aunitzek ezagutzen ez dituzten bi kobazulo daude. Aspaldiko urteetan sasiak hartuak daude eta desbrozatzen eta ingurua txukuntzen ari dira. Inguru hagitz polita eta ikusgarria da eta behin lanak bukatuta, parke antzeko bat egin nahi dute, kobazuloen aitzinean gelditzen den zelaian mahai eta eserlekuak jarriz. Segurtasunerako hesi bat ere paratuko da eta haritz amerikar zuhaitzak landatu dituzte. Bigarren fase batean pasealeku bat egitea ere ez dute baztertzen. Mastegiko kobazuloak gaitzat hartuta ipuin lehiaketa egiteko asmoa ere bada.
Bertze berrikuntzen artean, Zuhaitzaren Eguna antolatzeko asmoa du Beti Gaztek, eskolako eta ikastolako gurasoen laguntzaz. Ezagutu Dezagun Lesaka lehiaketa abendutik Aste Santura aitzinduko da eta ipuin kontalaria ekarri nahi dute sari banaketara. Beti bezala, futbola, mendiko irteerak, ajoarriero lehiaketa, margoketa azkarreko lehiaketa, mendi bizikleta martxa eta ohiko ekitaldiekin segituko du Beti Gaztek.