Heldu den astelehenean, martxoaren 10ean irekiko da apirilaren 13an jokatuko den Berako X. Mendi Maratoi Erdian izena emateko epea. 525 dortsal jarriko ditu parte hartu nahi duenentzat eskuragai lasterketa antolatzeaz arduratzen den Manttale Mendi Lasterketa Taldeak, Agerra Mendi Taldearekin eta Gure Txokoa elkartearekin batera.
Inskripzioa goizeko 9tan irekiko da eta martxoaren 29an itxiko da, edo lehenagotik, 525 partaideen kupoa betetzen bada. Azkeneko urteetan, bederez, epea ireki eta ordu eskas batzuetan osatu da partehartzaile kopurua.
Mendian federatuak daudenentzat inskripizoa 25 eurokoa izanen da eta 28koa ez federatuentzat. Inskripzioak www.manttale.com edo www.kirolprobak.com webguneetan egin beharko dira eta txip horiarekin parte hartzen dutenek lehenagotik adierazi beharko dute.
Berako lasterketako ibilbideak ez du aldaketarik izango, 21 kilometroko distantzian, 2.714 metroko desnibel metatua gainditu beharko da. 9,7 kilometro malda gora izanen dira eta 10,9 km behera, eta gehienezko igoera portzentajea %45ekoa da. Froga gogor honen abiapuntua eta helmuga Berako Kiroldegia izango da eta punturik garaiena Larun mendia (900,40 m).
Aurtengo edizioan sariak mantenduko ditu lehenengo bortz sailkatuentzat, bai emakumeen kategorian eta bai gizonezkoenean.Lehenengoak 300 euro jasoko ditu,bigarrenak 250 eta hirugarrenak berriz, 200 euro.
Ibardinetik (6,6 km) pasatzen den lehen korrikalariarentzat 150 euroko saria mantenduko da, eta mantendu eginen da, halaber, Didier Zagok frantziarrak ezarritako lasterketako errekorra (1:38:11) gainditzea lortzen duenarentzat izanen den 300 euroko saria. Frantziarrak 2013an errepikatu zuen aurreko 4 ediziotako garaipena, guztira 5 lortuz. Emakumezkotan Oihana Kortazarrek bere hirugarren garaipena lortu zuen.
Izena ematen duten guztiei ondoren adierazitako produktuak dituen poltsa bana banatuko zaie: Martikoren produktuak, produktu energetikoak, Lorpen galtzerdiak, eta Craft markako kamiseta bat, eta beharrezkoak dituzten zerbitzu guztiak eskura edukiko dituzte (txipa, dutxak, jan-edatekoak kontroletan eta lasterketa ondoko luntxa).
Aurten ezarriko den kronometraje zerbitzuari esker, tarteko denborak ikusi ahal izango dira helmuga puntutik.