Emakumearen Egunaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bortzirietan

TTIPI-TTAPA 2014ko martxoaren 5a

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako Jokin Apezetxeak eta Ainara Flores Lesakako udal zinegotziak eman dute egitarauaren berri. Artxiboko argazkia

Igandean, emakumeen bosgarren mendi itzulia eginen da Lesakan

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira zenbait ekitaldi antolatu ditu Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Herriz herri elkarretaratzeak, manifestuaren irakurtzeak eta filmak izanen dira eta igandean, Bortzirietako emakumeen bosgarren mendi itzulia eginen da Lesakan.

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira zenbait ekitaldi antolatu ditu Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Herriz herri elkarretaratzeak, manifestuaren irakurtzeak eta filmak izanen dira eta igandean, Bortzirietako emakumeen bosgarren mendi itzulia eginen da Lesakan.

Martxoaren 7an, Arantzan, dokumentala eskainiko dute 20:00etan Baskulan. Etxalarren martxoaren 7an, arratsaldeko 6etan Pink Saris filma eskainiko dute Kultur Etxean.

Martxoaren 8an, 13:00etan kontzentrazioa eginen da Berako Toki Ona institutuan eta manifestua irakurriko dute. Berako Kultur Etxean filma eskainiko dute 19:30ean eta Igantzin 18:30ean kontzentrazioa eta manifestuaren irakurketa eginen dute plazan eta Biltokin Pink Saris filma eskainiko dute 19:00etan. Etxalarren ere kontzentrazioa eginen dute 13:00etan plazan eta manifestua irakurriko da.

Martxoaren 9an, Lesakan eginen da Bortzirietako emakumeen bosgarren mendi itzulia. Goizeko 9etan abiatuko dira plazatik eta 13:00etan eginen da elkarretaratzea Plaza Zaharrean. Manifestua ere bertan irakurriko dute. 14:00etan bazkaria izanen dute Kattun (Aitzinetik izena eman behar da 948 635036 telefono zenbakian). 17:00etan mendi proiekzioa eskainiko da Kattun.

Martxoaren 11n, Toki Ona Insitutuaren eskutik, lila koloreko maindire haundi bat zintzilikatuko da ikastetxean eta 13:30ean filma eskainiko da Berako Kultur Etxean.

Martxoaren 22an, azkenik, autodefentsa ikastaroa emanen da Arantzako eskolako gimnasioan, 10:00etatik 13:00etara.

 

Manifestua

Honako hau da bortz herrietako plazetan irakurriko den manifestuak dioena:

Guztiok eta gutako bakoitzak, ez dugu bakarrik jendarte hau emakumeendako berdinagoa izan dadin lan egin, emakume eta gizonendako atseginagoa eta demokratikoagoa izateko ere lan egin dugu. Mugimendu horren barruan geure buruak kokatzeko, egun gaudenak gauden tokian egoteko, beste hamaika emakumeren jarraikitasunari eta irmotasunari esker izan dela aitortzea bidezkoa da. 2014ko martxoaren 8a ospatzen dugu, “Nazioarteko Emakumeen Eguna”, emakumeok gure askatasuna edozein adinetan, bizitza osoan zehar, espazio guztietan eraikitzen jarraitu behar dugunaren ideiarekin. Izaki sozial moduan autonomia eta independentzia osoa nahi dugu, gure jendartean genero arrazoiengatik dauden ezberdintasunak eta diskriminazioak gaindituz. Eskubideak guztiondako izan behar dira, munduan emakumeak gehiago direla, baina erabaki eremuetan eta publikoan gutxiago direla gogora ekarriz. Abortoaren legea azpimarratu nahi dugu, non moralitatearen izenean erabaki hartzeko aukera debekatzen zaigun, eta bertzetik abortu ilegala bihurtzen den heinean, segurtasun eta kalitatezko zerbitzua galtzen dugu, emakumearen arriskuak areagotuz. Krisi ekonomiko eta sozialaren garai hauetan funtsezkoa da eskubideetan murrizketa gutxiago egon daitezen ahaleginak gehitzea. Datuek diote pribatizazioek, ezkutuko enplegua, lan eta bizitza baldintzetan prekarietatea… dakartzatela. Eta emakumeek badute zeresana, beste behin ere, krisi garai hauetan kaltetuenak baitira. Krisiak, kontziliazio-erantzunkidetasun zein berdintasun eta zuzentasun materietan lortutako eskubideetan eta aurrerabideetan atzera egiteko arriskua dakar berarekin, lanaren sexuaren araberako banaketak eta honek sortzen dituen ezberdintasunak areagotuz. Baina aldi berean, krisiak, ekoizpen eta kontsumo modu berriak ezartzeko eta zainketaren inguruko egiturak eta harremanak berrantolatzeko aukera eta erronka erakusten du, gizonen eta emakumeen artean lan ordainduaren eta ordaindu gabearen banaketa bidezkoa ezarriz. Genero abantailen amaiera ez litzateke mehatxu pertsonal moduan hartu beharko, herritarrak garen guztion bizi kalitatea hobetuko duen garapen sostengarriaren alde lan egiteko aukera bezala baizik. Ingurumen-osotasuna, ekonomia bideragarritasuna, egungo belaunaldien jendarte justuagoari arreta jartzen dioen etorkizuna eraiki dezakegu, non gizonak eta emakumeak pertsona bezala ezberdinak baina aukeretan berdinak izanen diren.

Horregatik guztiagatik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa eta 2014ko martxoaren 8an ospatzeko gonbitea egiten dute bortz herrietako udalek, erakundeek eta kolektiboek ospatzeko antolatu dituzten ekitaldietan parte hartuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun