Master mailako Transbidasoa-Euromaster txirrindularitza taldearen aurkezpen ekitaldia egin zen Igantzin otsailaren 1ean. Hau taldearen hirugarren denboraldia izanen da, 2012an sortu ondotik. Joan den urteko txirrindulari berak izanen dira taldean: Igantziko Xabi Aranguren eta Mikel Arburua, Iruritako Iñaki Villoria, Urduñako Txutxin Fernandez, Funesko Riki Martinez, Lesakako Luziano Mitxelena eta Joxe Angel Mitxelena, Elizondoko Ion Zeberio eta Beteluko Jabi Urtiaga eta Ibon Urtiaga anaiak.
Bi urte hauetan master60 mailako Espainiako txapelketa, Euskal Herriko eta Nafarroako txapel aunitz, hiru lasterketa garaipen, hogei podium baino gehiago, mailakako ehun garaipen baino gehiago, mailakako podium aunitz, mendiko sailkapenean edota tarteko helmugetan garaipen ugari eta taldekako garaipen batzuk ere lortu dituzte.
Hala ere emaitzen gainetik bizikletaren inguruan bizitako esperientziak eta bizipenak izan dira garrantzitsuenak. Guzti hori bizi ahal izateko babesle eta laguntzaileen parte hartzea ezinbertzekoa izan da.
Aurkezpen ekitaldian Inurrieta Bodegen komertziala den Felipe Lizardi izan zen bere artean. Taldearen babesle diren bi enpresen ordezkariak ere han ziren, Transbidasoako Javier Garcia presidentea eta Euromaster enpresako gerentea den Agustin Mendez. Pertsona eta enpresa hauen laguntza ezinbertzekoa da proiektua aitzinera atera ahal izateko eta horregatik esker oneko hitzak bertzerik ez dituzte taldeko partaideek eta arduradunek.
2014 urteari begira urteroko helburu berak izanen ditu taldeak, froga bakoitzean mailarik onena ematea eta podiumera igotzen saiatzea; geroz eta zailagoa da podiuma zapaltzea, baina horrek ez ditu beldurtuko Transbidasoa-Euromaster taldeko txirrindulariak. Garaipenak lanaren fruitu izanen dira eta iritsiko dira iritsi behar badute behintzat, bestela lasterketetan gozatu eta istripurik ez izatea izanen da garrantzitsuena.