Giro onean egin da Haziaren Egunaren bigarren topaketa Beran

TTIPI-TTAPA 2014ko otsailaren 25a

Jende aunitz bildu zen Beran, Haziaren Egunean parte hartzera. Utzitako argazkia

Haziak elkartrukatzeko gunea, solasaldia eta bazkaria izan zituzten

Aurten Bidasoaldeko Hazi Sareak, Bidazi Kontsumo Elkarteak eta Nafarroako Hazi Sareak bi ekitaldi antolatu ditu hazien eguna ospatzeko. Lehenbizikoa otsailaren 8an egin zen Elizondon eta bigarrena otsailaren 22an, larunbatean Beran, Rikardo Baroja eskolaren eta Gure Txokoa elkartearen laguntzarekin.

Rikardo Baroja eskolaren aitzinaldean eztabaida gune irekia zabaldu zen. Jende aunitz bildu zen, bai gazte jendea, baita baserritarrak ere. Han mahai batzuk paratu zituzten ekarritako haziak erakusteko eta nahi zuenak hartzeko. Mahai horien inguruan, hazi bakoitzari buruzko ezagutzak ere elkarbanatu zituzten. Segidan, “Norberak bere animalientzat artoa ekoiztu eta aurrera ateratzeko moduak” solasaldia eskaini zuen Mikel Altzuart nekazari baztandarrak. Eztabaiagunean ere parte hartu zuen Altzuartek, Jauregia gasnategiko Aitor Azkaraterekin batera eta ekoizpen ekologikoaren onurak eta arazoak azaldu zituzten.

Gero, bazkari autogestionatua egin zuten Gure Txokoa elkartean, norberak bere etxetik eramandako ale, banabar eta barazkiekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun