San Jose Zahar Etxeko bizilagunak Solaslaguna egitasmoan parte hartzeko prest agertu dira. Euskara ikasi, praktikatu edo hobetu nahi dutenek beraiekin hartu-emanean jartzeko aukera izanen dute aurerantzean. Bertako euskaldun zaharrak dira batzuk, Bortzirietako euskalkian hitz egiten dutenak. Hauekin, Bortzirietako euskalki jasoa ikasteko eta praktikatzeko aukera izango dute animatzen direnek. Bertzalde, emakume gipuzkoar batek ere parte hartuko du. Honek euskara garbian, mantso eta zuzen solasten duenez, euskara praktikatu eta ikasi nahi dutenentzat aproposa da. Euskara maila hobetzeaz gain, Zahar-Etxeko kideekin garai bateko ohitura, istorio, kontu zaharren… inguruan solasteko aukera izanen dute. Etxea eta familia, eguneroko bizitza, herriko bizitza, tresnak, kultura… urteen poderioz aunitz aldatu baitira. Ekimenean parte hartzeko interesa dutenek solaslaguna@topagunea.org helbidera idatzi edo 610920673 telefonora deitu dezakete.