Liztor beltzaren kontrako kanpainari ekinen diote udalek

TTIPI-TTAPA 2014ko otsailaren 20a

Juanito Zelaieta erlezaina, tranpa eredu bat erakusten. Aitor AROTZENA

Udaberri hasieran tranpak jar daitezke

Bortzirietako udalek liztor beltzaren (vespa velutina) kontrako kanpaina abiatu dute, «ingu­rumenaren etsaia, denen etsaia» delakoan eta herritarren laguntza ezinbertzekoa dela jakinarazi dute. Horretarako, informazio biorriko bat argitaratu dute eta ttipi-ttapa aldizkariarekin batera banatuko da. Bertan, intsektu kaltegarri honi buruzko informazioa ematen da, zer egin dezakegun, tranpak egiteko modua eta habiak aurkitu eta suntsitzeko moduak agertzen dituzte.
 
Izan ere, udaberri hasieran hasten da erregin gaztea habia egiten, otsailean edo martxoan, eguraldiaren arabera. Tenis-pilota baten neu­rrikoa den lehenbiziko habi honetan hasten dira larbak sortzen eta talde handi samarra osa­tzen duenean, habi hori utzi eta toki zabalago batera joaten da (zuhaitz, teilatu-hegal…), normalean janaria eta ura dagoen tokitik hurbil.
 
Horregatik, liztor beltzari aurre egiteko lehen sasoi garrantzitsua orain datorrena da. Juanito Zelaieta Berako erlezainak jakinarazi zuenez, «udaberri hasieran, negua pasatu eta janaria behar du liztorrak, azukrea, eta naturak ez dio aski ematen eta ho­rregatik errazagoa da tranpatan harrapatzea». Horretarako sistema ­erraza ere agertu zuten, botil-tranpa: plastikozko botil baten goiko zatia moztu eta buruz beheiti sartu toki berean, onil baten modura. Azukrea duen likidoa jarri (garagardoa eta siropea, adibidez) eta likido hori astero berretu behar da.
 
UDAZKENEAN HABIAK SUNTSITU
Erran bezala, hau udaberri hasieran egin behar da. Bigarren fasea udazkenean izanen litzateke, hostoak eror­tzean errazago ikusten baitira habiak. Norbaitek habiren bat harrapatuko balu eta tokia edo arbola zeharkako marra batekin markatu gabe baldin badago, norbere herriko udaletxe­ra deitu behar du (Arantzan 948 634005; Beran 012 edo 948 630005, Etxalarren 948 635005, Igantzin 948 637781 eta Lesakan 948 637005), habia non dagoen azalduz. Arduradun batek lokalizatu eta markatuko du eta habia pozoitzeko egoki prestatuak diren langileak eta Herriko Etxe­ko arduraduna joanen dira eta eginen dute egin beharrekoa. Ondotik, x marka jarriko dute.
 
Bortzirietan, Juanito Zelaietak berak asmatutako sistema berritzaile bat erabiliko dute ho­rretarako, 15 metroko altuerara bitarte ailega­tzen den pertika-sistema, pozoia zuzenean habian sartzen duena. «Bertze edozein sistema baino praktikoagoa eta efektiboagoa da, egun osoan egin daiteke, ez bakarrik ilunaba­rrean edo goizean goiz liztorrak habian daudenean, likido pozoitsu honek erakarri egiten baititu… Arratsalde batez zortzi kabi suntsitu genituen…». Bertze inolako sistemekin ezin denean, tiroka erasoko zaie. Zelaietak onartu zuenez, «joan den urtean ez zen aunitzik hedatu liztor beltza, udaberri kaxkarrak eragina izan baitzuen bai lizto­rrendako, bai erleendako, baina ez dakigu aurten zer datorkigun». Horregatik, udal ordezkariek bezala, laguntza eskatu diete bortziritarrei. 
 
Miguel Mari Irigoien, Etxalarko alkateak e­rran zuen «udalek hartu dugula ardura kalte handiagoak saihesteko, ikusiz Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak ez duela arazo hau bere protokoloan sartzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun