«Nire ogibidea dantza da eta epe labur eta ertainean hala izatea espero dut»

Gurutze PIKABEA 2014ko otsailaren 20a

Martxel Rodriguez lesakarra Dantzaz konpainiako dantzaria da joan den urteko uztailetik. Irantzu PASTOR

Ikasketaz fisikaria eta lanbidez dantzaria da Martxel Rodriguez. 2013ko udan bukatu zituen unibertsitateko ikasketak eta geroztik, Donostiako Dantzaz konpainiako kidea da, hau da, Europako dantzari gazteak lan merkatura bultzatzeko helburua duen plataformako partaidea. Nabarmentzekoa da orain arte talde honetatik pasatu diren dantzari gehienek ­profesionaletarako saltoa egin dutela. 23 urteko lesakarraren ustez, posible da dantzatik bizitzea eta bere kasuan, dantza hobby bat izatetik lanbide izatera pasatu da.

 

Gurutze PIKABEA

Zein ibilbide egin duzu dantza munduan?

Sei urterekin Lesakako Tantirumairu Dantza Taldean hasi nintzen, bai­na­ gazteagoa nintze­nean ere etxean ez nin­tzen geldirik egoten. Gero, jazz eta ballet klasikoa ikasten hasi nintzen­ Hondarribian eta Donostian, eta azken hone­tan hamazazpi urte bete arte segitu nuen. Azkenik, Bilbon dantza garaikidea ezagu­tu nuen eta hiru urte eman nituen estilo hau ikasten. 

Nola ailegatu zinen Dantzaz konpainiara?

Bilboko lagun batek Donostian gazteentzako dantza konpainia bat bazegoela aipatu zidan eta sartzera animatu. 2012ko Eguberrietako oporretan audizioa egin eta baiezkoa eman zida­ten. Hala ere, konpai­nian­ egunero­ko lanean 2013ko uztaile­ra arte ez nintzen hasi, ikasketak bukatu arte, hain zuzen. Hagitz esperientzia positiboa izaten ari da, batez ere dantza hobby edo eskolaz kanpoko ekintza izatetik lan bat izatera pasatu delako­. Konpainia honen gauza­rik onenetakoa ber­tan lantzen den errepertorioa da. Izan ere mun­du­ guztiko koreogra­foe­kin lan egiten dugu eta hagitz maila altua dute. Dantza garaikidea eta neo­kla­sikoa lantzen ditu­gu, koreografoaren arabera estilo bat edo bertze. Beti ere beharrezkoa dugu dantza klasikoko oinarri sendo bat edukitzea.

Nolako konpainia da Dantzaz?

Dantza munduan lehen enplegua lortzeko plataforma da. Bi urte egon gaitezke gehienez eta denbora horretan, etengabeko lana eta aktuazioak egiteaz gain, Europan barna konpainietan lana bilatzen saiatu behar dugu. Horretarako, gure curriculuma hobe­tzen laguntzen digute eta audizio desberdinei buruzko informazioa ematen digute. 

Nola lan egiten duzue?

Gure ordutegia 09:30­etik 18:00etara bitartekoa da. Goizero konpainiako zuzendari artistikoak ballet klase bat ematen digu beroketa modura. Eta segidan aitzinean ditugun aktuazioen arabera, errepertorioko piezak en­tsaia­tzen ditugu. Bazkal­tzeko ordu bateko atsedena har­tzen dugu. Orain­­­goz hagitz lanpetuak gabiltza eta hortaz kontent. Hala ere, bizi du­gun krisi egoeran kul­tu­ra da azkenerako uzten dena eta honen barrenean normalean dan­tza da gu­ttien jasotzen duena eta hori nabari­tzen da.

Zer da dantza zure­tzat?

Dantza bertze edozein arte bezala espresio modu bat da, kasu honetan, gorputzarekin eta honen mugimendu edo mugimendu ezen bidez eraikia.

Lesakako Ezpatadan­tzarien taldeko ka­pitai­na ere bazara...

Hagitz berezia da Ezpatadantzaria izatea, sanferminak bertze modu batera bizitzen dira. Aitzineskua izanen naiz sanfermin hauetan eta horrek urdu­ritasuna handi­tzen du, baina espe­ro dut dena ongi joanen dela. 

Dantzaria ala fisikaria zaitugu?

Biak. Gustuko nuelako fisika ikasi nuen eta horri esker hagitz jende interes­garria ezagutu ahal izan dut, baita betirako lagunak egin ere. Orain ber­tze etapa batean nago, bertzerik ez. Gaur egun, nire ogibidea dan­tza da eta espero dut epe labur eta ertain batean hala izatea. Zoritxa­rrez, gure inguruan orain­dik badago jendea erraten didana «eta horrelako karrera bat egin duzu dan­tzan bukatzeko?».

Zein da dantzari on bat izateko sekretua?

Diziplina, gogoa, erotasun puntu bat eta berezko sen­tsibilitate edo talen­tu pixka bat behar dira.

Zein da zure ametsa?

Amets aunitz ditut, ba­tzuk dantzarekin lotuak eta bertzeak ez. Nahia­go­ dut balizko egoerak imaji­natzen egon beharrean, egunean egunekoaz gozatu.

 

URTEKO AGENDA

Agenda betea du Martxel Rodriguezek  Dantzaz konpainiarekin: otsailean ­ Do­nostian hainbat saio eskaini dituzte. Martxoan, berriz, Murtzian eta Xixonen izanen dira, apirilean Turinen, Reu­sen eta Basaurin eta maia­tzean Donostian ikuskizunak eginen ­dituzte.

 

DANTZA LANBIDE

«Gure inguruan oraindik bada jendea erraten didana ‘ho­rre­la­ko karrera egin du­zu dantzan bukatzeko?’»

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun