Haziaren Egunaren bigarren topaketa ospatuko da larunbatean Beran

TTIPI-TTAPA 2014ko otsailaren 20a

Otsailaren 8an Elizondon bildu ziren haziak trukatzeko eta larunbat honetan Beran izanen dute hitzordua. Utzitako argazkia

Haziak elkartrukatzeko gunea, solasaldia eta bazkaria izanen dituzte

Aurten Bidasoaldeko Hazi Sareak, Bidazi Kontsumo Elkarteak eta Nafarroako Hazi Sareak bi ekitaldi antolatu ditu hazien eguna ospatzeko. Lehenbizikoa otsailaren 8an egin zen Elizondon eta bigarrena otsailaren 22an, larunbatean eginen da Beran.

Aurten Bidasoaldeko Hazi Sareak, Bidazi Kontsumo Elkarteak eta Nafarroako Hazi Sareak bi ekitaldi antolatu ditu hazien eguna ospatzeko. Lehenbizikoa otsailaren 8an egin zen Elizondon eta bigarrena otsailaren 22an, larunbatean eginen da Beran.

10:30ean hasita hazi trukaketa eginen da Rikardo Baroja eskolako idorpean eta eztabaida gune irekia zabalduko da. Han mahai batzuk izanen dira, ekartzen diren haziak paratzeko, eta noski, han direnak nahi dituenak hartzeko. Mahai horien inguruan, hazi bakoitzari buruzko ezagutzak elkarbanatu nahi dituzte.

13:00etan “Norberak bere animalientzat artoa ekoiztu eta aurrera ateratzeko moduak” solasaldia eskainiko du Mikel Altzuart nekazari baztandarrak Gure Txokoa elkartean. Izan ere, garrantzia berezia emanen diote aldi honetan artoari: «behar-beharrezkoa ikusten dugu gure eskualdean aspalditik ereiten diren arto-haziak biltzea, horiek elkarbanatu, zabaldu eta haziak hobetzeko asmoz. Artoa garrantzitsua da aziendak bazkatzeko, baina baita jendeontzat ere, arto-opilak edo taloak egiteko», diote antolatzaileek.

14:30ean bazkari autogestionatua izanen da leku berean. Alea, banabarrak, bertako barazkiak eta nahi duen orok etxean egindako janaria eraman dezake. Berako ekitaldia antolatzeko, Rikardo Baroja eskolaren eta Gure Txokoa elkartearen laguntza izan dute antolatzaileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun