Lesakako Beti Gazte elkarteak urteko ohiko batzarra egin zuen larunbatean. Gaur egun 1.030 bazkide ditu eta horietatik 25 bat bertzerik ez ziren agertu egoitzara, baina halere urteko 95.000 euro inguruko aurrekontua eta hainbat berrikuntza proposatu eta onartu ziren.
Horietako garrantzitsuena, elkarteko zuzendaritza batzordean hiru hamarkadatan eta azken 16 urteak presidente izan zen Salvador Yanci zenaren omenez antolatuko den zikloturista martxa izanen da. Maiatzaren 11n izanen da eta Beti Gazte elkarteak ez ezik, Gure Txokoa, Baztandarra, Urtxintxa eta Erreka txirrindularitza taldeek parte hartuko dute antolaketan. Ibilbidea ehun kilometro eskasekoa izanen da, Lesakan hasi eta bukatu, eta Beran antolatzen zenean, Miguel Indurain martxaren ibilbide llaburraren antzekoa.
Sokatira taldea berriz lanean
Zuzendaritza batzordean ere izan da aldaketaren bat edo bertze. Honela, Lurdes Danboriena da idazkari berria. Gainera, sokatira taldea berriz ere lanean hasi denez, atal horretako arduradunak izanen dira Agustin Zubieta eta Beñardo Iantzi. Otsailaren 20an beteko dira hamar urte Beti Gazteko sokatira taldeak Munduko txapelketa azken aldiz irabazi zuenetik Glasgowen (Eskozia). Garaipen eta tituluz betetako urteen azkeneko lorpen handia izan zen. Bada, orduan aritzen ziren kirolari batzuk txirrintari ezin eutsi eta bertze batzuekin batera berriz ere sokari lotu dira. Momentuz 5-6 lagun elkartzen dira asteazken eta ortziraletan 19:30ean eskolako frontoian. Gehienak esperientzia dutenak, baina zerotik hasten direnei erakusteko prest daude. Lehenbiziko helburua, maiatzean jokatuko den Nafarroako 4x4 txapelketan parte hartzea da. Animatzen den jendearen arabera, zortzinakako txapelketetan edo neskekin batera txapelketa mistoetan parte hartzea ez dute baztertzen.
75. urteurrena 2015ean
Aipatzekoa da heldu den urtean 75 urte beteko dituela Beti Gazte elkarteak eta urteurrena prestatzeko batzordearen buru izanen da Modesto Maia. Urte osoan egin gogo dituzte ekitaldiak, baina oraindik ez daude zehaztuak.
Mastegiko kobazuloak berreskuratzen
Mastegiko kobazuloak berreskuratzen ari da Beti Gazte elkartea auzolanean. Futbol zelaiaren gaineko aldean, herritar aunitzek ezagutzen ez dituzten bi kobazulo daude. Aspaldiko urteetan sasiak hartuak daude eta desbrozatzen eta ingurua txukuntzen ari dira. Inguru hagitz polita eta ikusgarria da eta behin lanak bukatuta, parke antzeko bat egin nahi dute, kobazuloen aitzinean gelditzen den zelaian mahai eta eserlekuak jarriz. Segurtasunerako hesi bat ere paratuko da eta haritz amerikar zuhaitzak landatu dituzte. Bigarren fase batean pasealeku bat egitea ere ez dute baztertzen. Mastegiko kobazuloak gaitzat hartuta ipuin lehiaketa egiteko asmoa ere bada.
Aurtengo bertze berrikuntzen artean, Zuhaitzaren Eguna antolatzeko asmoa du Beti Gaztek, eskolako eta ikastolako gurasoen laguntzaz. Ezagutu Dezagun Lesaka lehiaketa abendutik Aste Santura aitzinduko da eta ipuin kontalaria ekarri nahi dute sari banaketara. Beti bezala, futbola, mendiko irteerak, ajoarriero lehiaketa, margoketa azkarreko lehiaketa, mendi bizikleta martxa eta ohiko ekitaldiekin segituko du Beti Gaztek.