Julio Caro Baroja, antropologoa eta historialariaren jaiotzaren mendeurrenaren egitaraua antolatzeko taldea hasia da lanean Beran eta otsailaren 17an, astelehenean egin zuen lehen bilera Beralandetan. Hogei bat lagun bildu ziren eta lehenbiziko proposamenak landu zituzten.
Julio Caro Barojak (Madril, 1914ko azaroaren 13a-Bera, 1995eko abuztuaren 18a) harreman estua izan zuen herriarekin eta horregatik gorazarre egin nahi dio Udalak bere jaiotzaren ehungarren urteurrenean.
Horretarako, bileran jakinarazi zenez, lehen urratsak emanak ditu Herriko Etxeak, bi aldiz elkartua baita Nafarroako Gobernuko kultura departamentuko arduradunekin. Horretaz gainera, familiarekin ere elkartu dira eta behar den laguntza emateko eta duten materiala, filmak, grabaketak eta argazkiak uzteko prestutasuna agertu dute. Herritarrak ere lanerako gogotsu daudela adierazi dute Herriko Etxetik.
Marisol Taberna alkatearen erranetan, «Julio Caro Baroja azaroan jaio zenez, hor izanen dugu helmuga, behar bada uda aldean hasiko gara, Udako Euskal Unibertsitatearekin harremanean gaude…». Dena den, aipatzekoa da Nafarroako liburutegi guztietan izanen da txoko edo mahai bat Julio Caro Barojari dedikatua, bere lana aurkeztuko duena.
Hurrengo bilera martxoaren 10ean
Asteleheneko bileran hiru lan talde sortu ziren eta inauterien ondotik eginen den bileran programa definitzea espero dute. Martxoaren 10ean, astelehen arratsaldeko 7etan eginen da bilera hori eta lan taldea itxia ez dagoenez, nahi duen guziak har dezake parte.