Bortzirietako Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateak bulkatzen duen lana, familia eta norbere bizitza pertsonalaren bateragarritasun hitzarmenaren barrenean jubiloteka eskaintzen ari dira ikasturte honetan, Berako Udalaren laguntzarekin. Zehazki, astelehen, asteazken eta ortziral goizetan 23 lagun biltzen dira Berako Lagun Haundiak elkartean, 10:00etatik 13:00etara, Edurne Garroren ardurapean.
Jubilotekaren helburua, erretiratuek kulturaz, aisiaz eta giza harremanetaz gozatzeko kalitatezko eremu bat izatea da eta aldi berean, hauek zaintzen dituzten familiek ere beraien lanerako eta aisialdirako asti gehiago izatea da. Beraz, familiei zainketetan lagundu bidenarbarkoan, mendekotasunaren prebentzioa lantzen dute. Helburu zehatzagoei dagokienez, sozializazioa bultzatzen dute harremanak sortuz, zahartze prozesuaren ondorio ezkorrak gibeleratzen dituzte eta gaitasun kognitiboak lantzen dituzte, ariketa ezberdinen bitartez: kalkulua, memoria, hizkuntza…
Honela, astearte eta ortziralero egitarau berdintsua izanen dute erretiratuek. 10:00etatik 10:15era harrera edo ongietorria; 10:15etik 11:00etara ariketa fisikoa; 11:00etatik 11:15era gosaria; 11:15etik 12:15era ariketa kognitiboa eta 12:15etik 12:30era, lasaitasunera buelta, erlajazioa eta agurra.
Arnasgune zerbitzua indartsu hasi da
Bortzirietako Jendarte Zerbitzuen Mankomunitatea bertze zerbitzu bat eskaintzen hasi da, zaintzaileei zuzendutako Arnasgune tailerra. Mankomunitatean kontent daude hasierarekin, joan den astean 13 lagun bildu baitziren Beran eta aste honetan 11 Lesakan. Denera, 24 familia zainketaren inguruan jarduteko, beraz saioekin segitzeko asmoa dute. Otsailaren 18an Berako Beralandetan eginen dute eta otsailaren 25ean Lesakako herriko Etxeko bigarren solairuan, 12:15etik 13:30era.