Jabier Muguruza abeslari eta musikariak kontzertua eskainiko du otsailaren 15ean, larunbat arratseko 10etatik aitzinera Berako Kultur Etxean. Berako Kultur Batzordeak Nafarroako Antzoki Sarearen laguntzaz antolatutako emanaldi honetara sartzeko 7 euro ordaindu beharko da. “Beste Hogei” diska berria aurkeztuko du Muguruzak, bere hamabigarren lana, kantautore gisa hasi zenetik 20 urte betetzen diren honetan plazaratzen duena.
Beste Hogei
Urtemuga hortxe dago, dudarik gabe, baina Jabierrek ez digu horren kariaz bildumarik eskaintzen, baizik eta 10 kantu berriko sorta eder bat. Nostalgiarik ez, bada, kasu honetan, adierazi nahian bezala, zailtasunak zailtasun, aurrera, lanean, jarraitzeko borondate irmoa duela.
Titulu hori aukeratu izana ere ez da kasualitatea. “Beste hogei” esateak, gauzak musikan -eta kulturan orokorrean-, dauden bezala, zera adierazi nahi du: kantagintzan -diskoak publikatzen eta zuzenean, jende aurrean, defendatzen-, segitzeko gogoa eta ilusioa, ezbairik gabe.
“Bikote bat” aurreko diskoarekin arrakasta handia lortu ondoren (40tik gora kontzertu mundu osoan zehar: Euskal Herria, Espainiar Estatua, Frantzia, AEB, Polonia, Maroko…), horren ildotik datorkigu berriz ere Muguruza: testu intimistak, ohizko kolaboratzaileen eskutik, eta bere doinuak, Mikel Azpirozen pianoan babes handia lortzen dutenak. Mireia Otzerinjauregiren ahotsa ere, hortxe azaltzen zaigu, beste behin ere, aspaldi honetako Jabierren disko guztietan bezala.
Horrez gain, luxuzko kolaborazio-zerrenda, urtemuga xarma bereziaz jantzi nahian bezala: Uxia kantari galegoa,