Julio Caro Baroja, antropologoa eta historiatzailearen jaiotzaren mendeurrenaren egitaraua antolatzeko lan taldean parte hartzeko bilera irekiaren deialdia egin du Berako Udalak. Otsailaren 17an, astealehen arratsaldeko 7etan eginen da bilera Beralandetan.
Julio Caro Barojak (Madril, 1914ko azaroaren 13a-Bera, 1995eko abuztuaren 18a) harreman estua izan zuen herriarekin eta horregatik gorazarre egin nahi dio Udalak bere jaiotzaren ehungarren urteurrenean.
Horretarako, lehenbiziko urratsak emanak ditu Herriko Etxeak, bi aldiz elkartua batita Nafarroako Gobernuko kultura departamentuko arduradunekin. Horretaz gainera, familiarekin ere elkartu dira eta behar den laguntza emateko eta duten materiala, filmak, grabaketak eta argazkiak uzteko prestutasuna agertu dute. Herritarrak ere lanerako gogotsu daudela adierazi dute Herriko Etxetik. Joan den urtean San Migel Zubiko gudaren bigarren mendeurrenaren prestaketan aritu zirenak parte hartzeko gogoa azaldu dute. Marisol Taberna alkatearen erranetan, «Julio Caro Baroha azaroan jaio zenez, hor izanen dugu helmuga, behar bada uda aldean hasiko gara, udako unibertsitatearekin harremanean gaude…».
Astelehenean hasiko diren bileretan hasiko dira egitaraua ere zehazten, «baina seguru aski hitzaldi sorta izaten ahal da, erakusketaren bat, ikuskizunaren bat…».