‘Gure esku dago’ dinamika aurkeztu dute

Aitor AROTZENA 2014ko otsailaren 7a

Aurkezpenean parte hartu zuten herritar batzuk, Kultur Etxearen atarian. Isidro ETXEBERRIA

Martxoaren 10etik 16ra kultur ekitaldiak antolatuko dira ekainaren 8an Iruñea eta Durango lotuko dituen gizakatea girotzeko

Harrera beroa izan zuen urtarrilaren 18an, Harriondoa Kultur Etxean egindako ‘Gure esku dago’ ekimenaren aurkezpenak. Parte hartzaile eta ikusleen artean 100 lagun inguru bildu ziren Euskal He­rriak duen erabakitzeko eskubidearen aldeko egitasmoaren aurkezpenean. Amaia Eneterreagak eta Maite Bidarte aurkezleek hasi zuten ekitaldia. Segidan, Dani Oiarbidek, Idia­zabaldik etorritako gonbidatuak hartu zuen hitza. Nazioen Mundua herri ekimeneko ordezkaria da bera eta beraien herriko esperien­tzia kontatu zien ikusleei. Ondoren, Tantirumairu euskal folklore taldeak, Trikitixa Taldearen laguntzaz, Dan­tza Zati bat ikuskizuna eskaini zuen.
 
‘Gure esku dago’ dinamikak esku artean dituen ekimenen artean, ekainaren 8an Iruñea eta Durango batuko dituen gizakatea dago. Baztan-Malerreka-Bortziriak eskualdeko biztanleek ere beraien lekua izanen dute, 108. km-an hain zuzen ere, Itza herrian. Katea osatu ahal izateko 400 lagun bildu beharko dira eskualdean. He­rriko hainbat ostatu eta komertziotan izena emateko zerrendak jarri­ dituzte. Gizakaterako motorrak berotzen hasteko, Eskuz Esku ekimena jarriko da mar­txan.­ Datozen egunetan hasi eta ekainera bitartean, Euskal Herri osoan zehar ibiliko da. Eskualdera lekukoa martxoaren 10ean iritsi­ko da eta 16ra bitarte, erabakitzeko eskubidea ardatz hartuta kultur ekitaldi desberdinak antolatuko dira herritarren parte hartzearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun