Berako zahar etxeko aitatxi-amatxiek Solaslaguna ekimenean parte hartuko dute

Ttipi-Ttapa 2014ko otsailaren 3a

Euskaraz solastu nahi dutenekin elkartuko dira

Beraiekin elkartu eta euskaraz solasteko aukera eskainiko diete euskara ikasi, praktikatu edo hobetu nahi dutenei. Bertako euskaldun zaharrak dira batzuk, Bortzirietako euskalkian hitz egiten dutenak eta emakume gipuzkoar batek ere parte hartuko du; hala, beren mailaren eta beharren arabera, batzuekin edo bertzeekin elkartzeko aukera izanen dute Solaslagun bila dabiltzanek.

Berako zahar-etxeko aitatxi-amatxiak Solaslaguna egitasmoan parte hartzeko prest agertu dira. Euskara ikasi, praktikatu edo hobetu nahi dutenek beraiekin hartu-emanean jartzeko aukera izanen dute aurrerantzean.

Bertako euskaldun zaharrak dira batzuk, Bortzirietako euskalkian hitz egiten dutenak. Hauekin, Bortzirietako euskalki jasoa ikasteko eta praktikatzeko aukera izango dute animatzen direnek. Bertzalde, emakume gipuzkoar batek ere parte hartuko du. Honek euskara garbian, mantso eta zuzen solasten duenez, euskara praktikatu eta ikasi nahi dutenentzat aproposa da. Euskara maila hobetzeaz gain, Zahar-Etxeko kideekin garai bateko ohitura, istorio, kontu zaharren… inguruan solasteko aukera izanen dute. Etxea eta familia, eguneroko bizitza, herriko bizitza, tresnak, kultura… urteen poderioz aunitz aldatu baitira. Ekimenean parte hartzeko interesa dutenek solaslaguna@topagunea.org helbidera idatzi edo 610920673 telefonora deitu dezakete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun