Nafarroako eta Euskal Herriko Kluben arteko pilota txapelketetako partidak jokatu dira asteburu honetan Berako Eztegara pilotalekuan. Orokorrean, emaitza onak lortu dituzte Bortzirietako pilotariek.
Urtarrilaren 24an, ortziral arratsaldean, Nafarroako klub arteko pilota txapelketako norgehiagokak jokatu ziren. Bigarren mailako kimuen kategorian, Bortzirietako Josetxo Sesé eta Asier Telletxea beratarraek 18 eta 6 irabazi zioten Aldabideko bikoteari. Bigarren mailako kadetetan, Bortzirietako Jonan Fagoaga eta Beñat Ordoki lesakarrek 21 eta 22 galdu zuten Errekako ordezkariekin eta lehen mailako gazteen kategorian, Bortzirietako Andoni Lazkanotegi eta Mattin Garbisu beratarrek 22 eta 6 irabazi zieten Zugarraldekoei.
Larunbat goizean, Euskal Herriko kluben arteko txapelketako bi partida jokatzekoak ziren, baina binakakoa atzeratu egin zuten. Buruz burukoan, Bortzirietako Ander Errandonea beratarrak 22 eta 18 irabazi zion Artupe Pilota Taldeko Etxebarriari.
Urtarrilaren 31n jardunaldi berri bat
Urtarrilaren 31n, berriz ere Nafarroako eta Euskal Herriko kluben arteko txapelketetako partidak jokatuko dira Eztegaran, ortziral arratsaldeko 6etatik aitzinera.
Nafarroako kluben artekoan, bigarren mailako kimuak kategorian, Bortzirietako Josetxo Sesé eta Asier Telletxea Txarutako bikotearen kontra ariko dira eta lehen mailako gazteen kategorian, Bortzirietako Andoni Lazkanotegi eta Mattin Garbisu beratarrak Oberenako bikotearen kontra.
Euskal Herriko klub artekoan, arratsaldeko 8etan jokatuko dute kadete mailako partida Bortzirietako Oian Canabalek (Igantzi) eta Harri Maritorenak (Bera), Oberenako bikotearen kontra.