Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatetik zaintzaileei zuzendutako tailerra martxan paratu behar dute otsailean. «Denbora ematen dugu horrelako esparru bat sortu nahian, bertan mendekotasun ezberdina (helduak, gaixotasun mentala, ezintasuna…) dutenen zaintzaileak, esparru bat izanen dute, zainketak dakarren gorabeherak eta zalantzak bideratzeko» jakinarazi dute Mankomunitatetik.
Zainketa mota hau, gehienetan familiak egiten du eta hagitz lotua da, 24 ordu, 365 egun eta ixiltasun eta intimitatean egiten da. Jokin Apezetxea, Mankomunitateko teknikariak aipatu digunez, «helduen zainketa, ez da haurrena bezala: ez dakizu noiz hasi daitekeen eta badakizu makurragora joan behar duela. Gogorra da».
Zerbitzua, zaintzaile guziei zuzendua dago, bai familiakoak izan, edo profesionalki horretan lan egiten dutenei. Gaiaz jarduteko, esparru berri hau sortu dute eta Arnasgunea izanen du izena.
Bi motako helburuak izanen dituzte. Alde batetik, zaintzaileei entzutea: kezkak, emozionalki daramaten zama, kontziliatzeko zailtasunak… Eta bertze aldetik, teknikoki informatzea eta irakastea: gaixotasunaren garapenaz informatu, mobilizatzeko teknikak erakutsi, baliabide eta laguntzetaz informatu.
Zerbitzua Ramoni Ordoki psikologoak koordinatu behar du, otsailetik aitzinera. Asteartero izanen da, 12:15-13:30k bitarte. Herria tartekatuko dituzte, aste batean Beran hurrengoa Lesakan. Otsailaren 4an Beran hasiko da, otsailaren 11n Lesakan. Beran Beralandetan izanen da, Lesakan, Herriko Etxeko bigarren solairuan, Batzorde Gelan.
Izen emateko, 948 635 036 telefonoan edo ssb@lesaka.net idatzi behar da. Zerbitzua doan izanen da eta ifusioa, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzu eta Osasun Etxetik eginen da.