300 bat bortziritarrek elkarretaratzea egin zuten larunbatean N-121-A errepidean, Zalaingo gasolindegiaren ondoan, Istripu gehiagorik ez! N-121-A konponbideak orain! goiburupean. «Bortzirietan bizi garenok nekatuak gaude, nazkatuak, eta aldi berean beldurtuta gure errepide nagusian (N-121-A) gertatzen denaren aintzinean» adierazi zuten.
Bertan aipatu zutenez, «ez da arazo berria N121-A errepidean gertatzen dena. Urteak daramatzagu arazo berdinarekin eta zoritxarrez hemen inork ez dio arazoari bere erroetatik heltzen. Eskualde ttiki bat gara Bortzirietan, 8.000 biztanle inguru eta Baztan-Bidasoa osoa hartzen badugu 20.000 pertsona inguru. Herri ttiki aunitzek osatutako bailara bat gara, gure kokapen geografikoa dela medio, izugarrizko trafiko fluxua jasaten duguna».
Iruñea eta Irun lotzen dituen N-121-A errepidea, gutxi gora behera egunero 10.000 ibilgailuk erabiltzen dute, horietako %20-30 kamioiak. “Kontutan eduki behar dugu errepide nazional batez ari garela –diote eragile sozialek bere idatzian–, norabide bikoitzeko errepide delarik eta inolaz ere autobide edo autopista bat. Errepidearen ezaugarri propioei, daukan trafiko guztia gehituta errepidea tranpa lazgarri bat bihurtzen da aunitzetan, are eta lazgarriagoa bihurtzen delarik euria egiten duenean. Ezin ahantzi gainera garraio publikoa apenas ez egoteak dagoen trafikoa aunitz handitzen duela”.
Bortziritarrek salatu dutenez, «jadanik pertsona aunitzek galdu dute bizitza errepide honetan, gehiegik, eta oraindik inork ez du soluziorik jarri». Joan den ortzegunean Burlatako bi langile izan ziren lanetik etxera zihoazenean hil zirenak, 3 egun lehenago Lesakako bertze gazte bat larri zaurituta gertatu zen puntu berdinean, iazko irailean Igantziko gazte batek bizitza galdu zuen errepide berean eta zerrenda beltza zoritxarrez luzea da. Konkretuki Zalaingo puntu horretan jadanik 4 pertsona hil dira azken urteetan.
«Bortzirietako eta Baztan-Bidasoako biztanleok bizitza arriskatzen dugu egunero errepide honetan gure ibilgailuarekin ibiltzen garenean eta hau onartezina da. Zaila da ulertzea nola Nafarroan autobidea dagoen Logroñora joateko, bertze bat Gasteizera joateko, autopista bat Zaragozara joateko eta bertze autobide bat Pirinioekin lotzeko eta aldiz horrelako trafiko handia duen zonalde baterako horrelako errepide exkaxa egotea», diote.
Nafarroako Gobernuari eskatu diote «behingoagatik eskualde honetan daukagun arazo larri honi irtenbidea bilatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu ditzan, eta inbertsioak beharrezkoak diren azpieguteran egitea. Nola ulertu AHT-a egiteko milaka milioi inbertitzea eta bitartean gurean jendea hiltzen uztea inolako neurririk hartu gabe?».