N-121-A errepidearen segurtasuna bermatzeko eskatu diote Bortzirietako alkate eta zinegotziek Nafarroako Gobernuari

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 27a

Bortz herrietako alkate eta zinegotziak, N-121-A errepidean lehenbailehen neurriak eskatzeko egin zuten agerraldian. Alicia del Castillo

Urgentziazko agerraldia egin zuten ortziralean Berako Herriko Etxean

N-121-A errepidean izandako azken istripuak direla-eta, Bortzirietako Udaletako ordezkariak elkartu ziren urtarrilaren 24an urgentziazko agerraldi batean, Nafarroako Gobernuari eskatzeko normaltasunetik urruti gertatzen diren istripu kopuru altu eta larri hauen aurrean behingoagatik neurri eraginkorrak hartu ditzan.

N-121-A errepidean izandako azken istripuak direla-eta, Bortzirietako Udaletako ordezkariak elkartu ziren urtarrilaren 24an urgentziazko agerraldi batean, Nafarroako Gobernuari eskatzeko normaltasunetik urruti gertatzen diren istripu kopuru altu eta larri hauen aurrean behingoagatik neurri eraginkorrak hartu ditzan.

Lehenik eta behin, errepide honetan azterketa bat gauzatzea eskatu zuten, «jada identifikatuak dauden puntu arriskutsuetako lurzoruei eta istripuetan eragiten duten hainbat faktoreei dagokienean».

Ezinbertzekoz, «errepideetako segurtasuna bermatzeko lan egin beharko luketeen eta Nafarroako gobernuaren eskumenetan dauden organoek lehentasuna ematea istripuak eragiten dituzten faktoreei, berexiki kamioien abiadura mugak ez errespetatzearen eta honek ekartzen dituen ondorioen aferari» ere eskatu zuten.

Modu berean, Nafarroako Gobernuak erantzunkizuna eta konpromezua hartzea eskatu zuten, «etorkizun hurbil batean, errepide honek eragiten dituen istripu larriak murriztu eta orokorrean errepidearen egoera eskualdeak merezi duen modura egokitzeko, horretarako behar diren neurriak hartuz».

Gure eskualdeko eta gure eskualdetik pasatu behar duten herritarren eskubideen eta segurtasunaren bermatzearen beharrezkotasuna irizpide hartuta, Bortzirietako Udal ordezkariek Nafarroako Gobernuari lehenbailehen neurriak hartzea eskatu zioten, batez ere N-121-A errepideko Zalaingo zatian azterketa sakona egitea, ikusita lurzoruan begi bistakoa den arazo bat dagoela maiz gertatzen diren istripu larriak arrazoitzat hartuta, baita abiadura mugak murriztu eta muga hauen errespetatzea bermatzea eta, azkenik, istripuak eragin ditzaketen faktoreak identifikatu eta hauek murrizteko neurriak hartzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun