Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetza-hitzarmen bat adostu zuten urtarrilaren 8an Iruñean, bi administrazioek Bortzirietako herrietako biztanleen historia klinikoak partekatzeko.
Hitzarmena Juanjo Rubio Osasunbideko zuzendariak eta Jon Etxeberria Osakidetzakoak sinatu zuten Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-departamentuetako ordezkariek izan zuten bileran. Bileraren buru izan dira departamentu horietako arduradun nagusiak, Marta Vera eta Jon Drapón.
Gertutasun geografikoa eta errepideen loturak direla-eta, Bortzirietako bizilagunek osasun-arreta Osakidetzaren laguntza-sarekoak diren zerbitzuen erakundeetan jaso ohi dute. Horregatik, eta arretarik onena eskaintzeko, bi administrazioek egokitzat jo dute osasunaren alorrean lankidetza eta kooperazioa indartzea.
Zehazki, Osakidetzak konpromisoa hartu du aipatutako herrietako pazienteen historia klinikoa eskuratzeko baimena emateko. Osasunbideak, aldiz, Osakidetzako profesionalei Bortzirietako herrietako biztanleen historia klinikoetarako sarbide osoa ematea hitzartu du, Osakidetzaren baliabideak erabili izan diren edo erabiliko diren laguntza-kasuetan.
Hitzarmena behar bezala betetzen dela ziurtatzeko, jarraipena egingo duen batzorde bat sortuko dela ere jasotzen du akordioak, sor daitezkeen zalantzak ebatzi eta hitzartutakoaren aplikazioa sustatuko duena. Akordioak urtebeteko balioaldia du eta automatikoki berrituko da.