Pasa den urtearen bukaeran Euskal Memoria fundazioak bere azken lan monografikoa aurkeztu zuen. Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria du izenburu, eta Dabid Anautek idatzi du, garai batean Bortzirietan euskara teknikari izan zenak. Liburu horren aurkezpena eginen dute urtarrilaren 23an, ortzegun arratsaldeko 7etan Harriondoa Kultur Etxeko Zumarra aretoan.
Liburuak euskarak jasan duen zapalkuntzaren memoria du ardatz, eta euskararen kontrako errepresioaren kronika biltzen du, hainbat datu eta ehundaka herritarren testigantza emanez. Horrez gain, euskararen kateari eusteko Euskal Herrian sorturiko mugimenduaren argazki zabala eskaintzen du.
Lesakan eginen den aurkezpenean, Dabid Anaut egileak lagun izanen ditu Pello Apezetxea (liburuan kolaborazio bat idatzi baitu) eta Kontxi Erro (liburuan elkarrizketatua izan da). Liburuan agertzen diren zenbait bortziritarren testigantzak ere emanen dira.