Agerra Mendi taldeak eta Gure Txokoa elkarteak antolatutako Mendi eguna, ilbeltzaren 11n giro ederrean ospatu zen. Eskalada tailerrarekin eman zitzaion hasiera egunari eta urteroko ohiturari segiz, taldetxoa bildu zen Santa Barbarara igotzeko. Erlojuaren kontrako probak ere ohiko arrakasta izan zuen eta 54 bikotek hartu zuten parte. Eguneko unerik berexiena berriz, Agerratik Himalayara dokumentalaren estreinaldia izan zen. Jendetza bildu zen Kultur Etxean Manttalek osatutako dokumentala ikusteko asmoz. Mendi taldeko momenturik gogoangarrienak berrikusten ditu filmak. Testigantza, bideo eta argazkien bidez, talde honen lehenengo pausoak gogora ekartzen ditu, Pirineoetara irteerak, Alpeetara bidaiak, Kilimanjarora joan zen lehenengo expedizioa, peruko Huascaraneko abentura, Gasherbrum II-an egindako gailurra eta Shisha Pangman bizitutako arrakastarik gabeko saiakerak. Oroitzapenak dantzan jarri eta une hunkigarriak bizi izan zituzten bertaratutakoek.