Herri lurretan baratzeak egokitu eta izen emateko deia egin du Udalak

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 23a

Kontzesioa eta erabilera arautzeko ordenantza onartu du

Zenbait udal partzela herritarren eskura paratu nahi ditu Herriko Etxeak aisialdirako baratze modura erabil di­tzaten. Baratzeetan norberak kontsumitzeko produktuak bakarrik landatu daitezke eta etxe­ko erabilerarako utziko dira; horrenbertzez, debekatua dago bertatik ateratako produktuak saltzea. Ordenantza honen xedea zenbait he­rrilur erabiltzea eta horiei balioa ematea da.
 
Herrian erroldatutako edozein pertsonak egin ahalko du eskaera. Erabiltzaileen eskaeren zerrenda eginen da eskaerak aurkeztutako egunaren arabera. Ze­rrenda horretako ordenari jarraituta gauzatuko da baratzeen erabileraren kontzesioa, eta lehentasuna izanen dute langabeek, jubilatuek, pentsiodunek, edo urritasunen bat dutela egiaztatzen dutenek. Interesatuek 012ra deitu behar dute urtarrilaren 31 baino lehen.
 
Jende kopurua zehazten denean udalak an­tolatuko du lurraren ba­naketa; baratzeen kokapena kanposantuaren parean, Kaxerna-Eztegara eta igerilekuaren inguruan izanen dela aurreikusten du Udalak. Behin zerrenda osatzen denean bilera bat eginen da interesatu guztiekin, baldintzak azaltzeko, egokia ikusten bada ikastaroren bat antolatzeko eta komunean izan daitezkeen baliabideak aipatzeko.
 
Badira lehendik he­rri lurrak baratzetako erabiltzen dituzten herrita­rrak, horien egoera or­denan­tzara egokitzeko pausuak emateko Udala paratuko da harremanetan interesatuekin.
 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun