Herriko kultur eragile guztien artean sustatutako egitarau zabalarekin ireki zen Harriondoa Kultur Etxea joan den urteko azken aste hondarrean.
Luze joko luke kultur etxea eraikitzearen asmoa lehen aldiz sortu zenetik, Harriondoa bera eraiki den arteko pausuak, prozesuak eta gorabeherak azaltzeak, ugariak izan baitira. Azpimarragarriena, Madriletik jasotako diru-laguntzak (3,6 milioi) eta administrazio publiko ezberdinetatik jarritako baldintza tekniko zorrotzak (inongo diru-laguntzarik gabe) izan daitezke. Izan ere, azken hauen ondorioz zeuden eraikin zein espazioak modu eraginkorrenean erabiltzea oztopatu dute, proiektuaren tamaina eta beraz, eraikitzea suposatzen zuen kostu ekonomikoa handituz. Horren ondorioz, Udalak azken 2 urte hauetan, proiektua diru kopuru zehatz horretara (3,6 milioi) egokitu behar izan du.
LIBURUTEGIA
Diru egokitzapen honek berekin ekarri du, liburutegiko ekipamendua ezin aurrera eramatea. Nafarroako Gobernua 500.000 euroko laguntza emateko prest egon arren ez da oraindik jaso. Hala ere, 2014. urtean zehar, arazo honi konponbidea ematekotan da Udala, Herriko Etxeko 3. solairutik Kultur Etxeko behe solairura eramanen baitu liburutegia, beharrezkoak diren segurtasun eta sarrera bide egokiak ziurtatuz.
Herriko Etxetik aipatu dutenez, «bizi dugun egoera ekonomikoa horrelako proiektu batentzat egokiena ez den arren, Lesakak duen herri kultura eta haien gibelean dauden eragileen gaitasunak ziurtatzen du aitzinera aterako dela. Hortaz, Harriondoa eraikinaz gain, kultur proiektu herrikoia izan nahi du, bertatik, bertara eta bertakoentzat izanen den kultura sustatuz».