Kirolak eta oroitzapenek bat eginda, Berako Mendi Egunean

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 13a

Jendetza bildu zen Manttalek egindako dokumentalaren estreinaldia ikusteko asmoz.

Jendetza bildu zen “Agerratik Himalayara” dokumentalaren estreinaldian

Ilbeltzaren 11n giro ederrean ospatu zen Berako Mendi eguna. Eskalada tailerra, Santa Barbarara igoera eta erlojuaren kontrako proba egin ziren ohiko arrakastaz, lasterketan esaterako 54 bikotek hartu zuten parte. Eguneko unerik berexiena berriz, “Agerratik Himalayara” dokumentalaren estreinaldia izan zen, ikusleen oroitzapenak dantzan jarriz. Ikusi argazkiak

Berako Manttale taldeak, Agerra Mendi taldeak eta Gure Txokoa elkarteak antolatutako Mendi eguna, ilbeltzaren 11n, larunbatean, giro ederrean ospatu zen. Eguraldia lagun, prestatutako ekitaldi guztietan jendearen parte hartzea handia izan zen. Eskalada tailerrarekin eman zitzaion hasiera egunari eta urteroko ohiturari segiz, taldetxoa bildu zen Santa Barbarara igotzeko. Erlojuaren kontrako probak ere ohiko arrakasta izan zuen eta 54 bikotek hartu zuten parte.

Eguneko unerik berexiena berriz, “Agerratik Himalayara” dokumentalaren estreinaldi izan zen. Jendetza bildu zen arratsaldeko 6:00etan Kultur Etxean Manttalek osatutako dokumentala ikusteko asmoz. Berako mendi taldeko momenturik gogoragarrienak berrikusten ditu filmak. Testigantza, bideo eta argazkien bidez, Agerratik Himalayara talde honen lehenengo pausuak gogora ekartzen ditu, Pirineoetara irteerak, Alpeetara bidaiak, Kilimanjarora joan zen lehenengo expedizioa, peruko Huascaraneko abentura, Gasherbrum II-an egindako gailurra eta Shisha Pangman bizitutako arrakastarik gabeko saiakerak. Oroitzapenak dantzan jarri eta une hunkigarriak bizi izan zituzten bertaratutakoek. Ikusi argazkiak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun