Larretxea anaiek zabaldu dute aurtengo txotx denboraldia

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 13a

Larretxea anaiak eta Linddurrenbordako nagusia, lehendabiziko txotxa egiten. Ondikol

Uzta eskaseko urtea izan arren, 250.000 litro ekoiztu dituzte Dolarea elkarteko sagardogileek

Urtarrilaren 10ean, Lesakako Linddurrenborda sagardotegian egin zen Nafarroako sagardotegi denboraldiaren hasiera ekitaldia. Donato eta Patxi Larretxea anaiak izan ziren sagardo berria dastatzen lehenak. Aurtengoa uzta eskaseko urtea izan dela azaldu dute baina hala ere, 250.000 litro ekoiztea lortu dute Dolarea elkarteko sagardogileek. Ikusi argazkiak

Urtarrilaren 10ean, Lesakako Linddurrenborda sagardotegian egin zen Nafarroako sagardotegi denboraldiaren hasiera ekitaldia. Donato eta Patxi Larretxea anaiak izan ziren sagardo berria, Txirrita izeneko upelean azken hilabeteetan ondutako zukua, dastatzen lehenak.

Denboraldiko lehendabiziko txotxa egin aurretik, Jo ala Jo taldeko Xabi Torres, Oianko Garde eta Beñat Etxabarik kirikoketa joz eman zioten hasiera ekitaldiari. Unai Arriagak aurreskua dantzatu zuen ondoren, Patxi Larraldek txistu eta ttunttunarekin lagunduta. Larretxea anaiek sagardoa dastatu eta “balorazioa” egin ondotik, Linddurrenbordara hurbildutako 40 lagun inguruk ere txotx egiteko aukera izan zuten.

Aurtengoa uzta eskaseko urtea izan dela azaldu dute baina hala ere, 250.000 litro ekoiztea lortu dute Dolarea elkartea osatzen duten sagardogileek. Lesakako Linddurrenbordarekin batera, Lekarozko Larraldea, Berueteko Behetxonea, Aldazko Martitxonea eta Lekunberriko Toki Alai sagardotegiek osatzen dute Dolarea, Nafarroako Sagardotegien Elkartea. Lesakako Linddurrenborda sagardotegian, 25.000 litro inguru egin dituztela aipatu digu Juan Mari Lopez nagusiak, “azken urteetan bezalatsu”. Bertze sagardotegietan kanpoko sagarra ekarri behar izan badute ere, Lesakakoan dena bertako sagarrarekin egin dutela aipatu digu, “Lesakatik, Doneztebetik, Arantzatik eta Oiartzundik ekarria”. Kupelak prest daude eta urtarrilaren 17tik aitzinera, denok izanen dugu bertako edaria dastatzeko aukera. Ikusi argazkiak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun