Lesakako Irain eskola publikoko eta Tantirumairu ikastolako Guraso Elkarteek, udalaren laguntzaz Haurraren Asteburua antolatu dute urtarrilaren 11 eta 12an, larunbat eta igandean. Hainbat ekitaldiren artean, igandean, egun osoan skate park izanen da goiko frontoian.
Urtarrilaren 11n, larunbat goizeko 11:00etatik 13:00etara jokuak izanen dira. 15:30ean tailerrak, 17:00etan berendua eta 17:30etik 20:30era DJ Endarak paratutako musika aditzeko edo dantzatzeko aukera izanen da. Ekitaldi guziak Plaza Zaharrean egiteko asmoa dago, baina euria eginen balu, herriko frontoian eginen lirateke.
Igandean, berriz, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 8:00etara skate park izanen da goiko frontoian. Bertan parte hartzeko kaskoa eramatea derrigorrezkoa izanen da. Bakoitza bere kabuz ibiltzeaz gain, 11:00etatik 13:00etara erakustaldia eta ikastaroa eginen dira.