Lesakako Linddurrenbordan irekiko da Nafarroako sagardotegi denboraldia urtarrilaren 10ean

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 9a

Nafarroako Dolarea elkarteko sagardogileek 250.000 litro inguru kupeleratu dituzte aurten. Artxiboko argazkia

Larretxea anaiek dastatuko dute lehen sagardo berria ortziralean

Lesakako Linddurrenborda sagardotegian irekiko da ortziralean, urtarrilaren 10ean, 2014ko txotxeko sagardotegi denboraldia. 14:30 aldera eginen da ekitaldi ofiziala eta Donato eta Patxi Larretxea anaiak izanen dira sagardo berria dastatzen lehenak. Lesakako Linddurrenbordarekin batera, Lekarozko Larraldea, Berueteko Behetxonea, Aldazko Martitxonea eta Lekunberriko Toki Alai sagardotegiek osatzen dute Dolarea, Nafarroako Sagardotegien Elkartea eta aurten 250.000 litro inguru kupeleratu dituzte.

Lesakako Linddurrenborda sagardotegian irekiko da ortziralean, urtarrilaren 10ean, 2014ko txotxeko sagardotegi denboraldia. 14:30 aldera eginen da ekitaldi ofiziala eta Donato eta Patxi Larretxea anaiak izanen dira sagardo berria dastatzen lehenak. Lesakako Linddurrenbordarekin batera, Lekarozko Larraldea, Berueteko Behetxonea, Aldazko Martitxonea eta Lekunberriko Toki Alai sagardotegiek osatzen dute Dolarea, Nafarroako Sagardotegien Elkartea eta aurten 250.000 litro inguru kupeleratu dituzte. Lesakako Linddurrenborda sagardotegian, berriz, 25.000 litro inguru egin dituztela aipatu digu Juan Mari Lopez nagusiak, “azken urteetan bezalatsu”. Bertze sagardotegietan kanpoko sagarra ekarri behar izan badute ere, Lesakakoan dena bertako sagarra erabili dutela aipatu digu, “Lesakatik, Doneztebetik, Arantzatik eta Oiartzundik ekarria”. Egurrezko kupelen bat baldin badute ere, Linddurrenbordako gehienak poliester eta altzairu erdoilezinekoak dira: “Garbitzerako orduan erosoagoak eta seguruagoak dira eta denbora luzeagoan mantentzen dute sagardoa”. Lehendik ere bitan ireki da Nafarroako sagardotegi denboraldi ofiziala Linddurrenbordan. 2000. urtean Andoni Egaña bertsolariak ireki zuen eta 2004an Sebastien Gonzalez pilotari azkaindarrak. Aurtengoan, berriz, herri kirolarekin harreman estua eta emankorra duten Donato eta Patxi Larretxea anaiak arduratuko dira txotxa irekitzeaz. Aitzinetik, Jo Ala jo taldekoek bere emanaldia eskainiko dute. Nahiz eta ekitaldi ofiziala ortziral honetan izan, hurrrengo ortzirala arte, urtarrilaren 17ra arte ez dira irekiko sagardotegiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun