Manttalek “Agerratik Himalayara” dokumentala urtarrilaren 11n, larunbatean ospatuko den Mendi Egunean aurkeztuko du. Dokumental honek Berako mendi taldeko momenturik gogoragarrienak berrikusten ditu. Testigantza, bideo eta argazkien bidez, Agerratik Himalayarak talde honen lehenengo pausuak gogora ekartzen ditu, Pirineoetara irteerak, Alpeetara bidaiak, Kilimanjarora joan zen lehenengo expedizioa, peruko Huascaraneko abentura, Gasherbrum II-an egindako gailurra eta Shisha Pangman bizitutako arrakastarik gabeko saiakerak. Dokumentala 18:00etan proiektatuko da Berako Kultur Etxean eta Manttalek, Agerra Mendi Taldeak eta Gure Txokoak egun guztian zehar antolatu dituzten ekitaldiei amaiera emango die.
Aurreko urtetan bezala, Xanti Susperregik kiroldegian emango duen eskalada tailer batekin emango zaio hasiera Mendi Egunari, 9:30etik 13:00etara. 14:15etik aitzinera, Rikardo Baroja Eskolako arkupetan izen emateak hasiko dira, bai Santa Barbarara joango den gidatutako ibilaldirako (6,5 kilometro, 14:30ean hasita), bai izaera lehiakorrik ez duen binakako erlojuaren kontrako frogarako (15:30ean abiatuko da), eta bai 12 urte azpitik dituzten umeen lasterketetarako (14:45ean). Izen emateak, ondoren burutuko den oparien zozketan parte hartzeko eskubideak emango du. Erlojuaren kontrako frogan edonork parte hartzeko aukera izango du, baina 16 urte azpikoek heldu batekin egin beharko dute froga.
Mendi ibilaldia eta erlojuaren kontrako frogaren ondoren Agerratik Himalayara dokumentalaren proiekzioa aurreikusita dago kultur etxean, eta horren ondoren, leku berdinean Mendi Egunari amaiera emango dion merienda emango da.