Lesakan sortu berria den Bihotzkada artisau kolektiboak beraiek egindako produktuekin saski berezia osatu du eta Eguberrietan zozketatu du. 362 zenbakia suertatu zen saritua eta Urtezahar Egunean eskuratu zuen Pitxurri Biurrarena Etxeberria jabeak. Jabier Fagoaga eta Marian Mendiberri, kolektiboko ordezkariek eman zioten saria.
Berriki sortua da Bihotzkada artisau kolektiboa. Aitzineko eta oraingo artea eta artisautza bultzatu, tailerrak antolatu, elkarrekin lan egin eta elkarrengandik ikasi eta bizitzari kolorea eman nahizik, «bihotz galdu gutti batzuk zainak elkartu dittugu, gure odola arte taupadek mugitzen baitute».
Hasteko, diru pixka bat lortzea izan da zozketa honen helburua eta diru horrekin, lehen pauso bezala udaberri aldera artea eta artisautza (eskultura, pintura, argazkigintza, talla, burnigintza…) elkartuko dituen azoka bat egin nahi dute, Baztan-Bidasoaldean artistikoki gaur egun gertatzen dena isladatuko lukeena. “Gure artea, gure artean” lemapean, Erratzutik Hondarribiraino lurralde guztia elkartuko luke azoka honek.