Harriondoa Kultur Etxea inauguratuko dute asteburuan Lesakan

Aitor AROTZENA 2013ko abenduaren 26a

Aste honetan oraindik azken ukituak ematen ari dira asteburuan inauguratuko den Lesakako Kultur Etxean. Aitor Arotzena

Ortziral arratsaldean eginen da ekitaldi ofiziala eta larunbat eta igandean bertze hainbat emanaldi izanen dira

Lesakako kultur eragile guztien artean sustatutako egitarau zabalarekin irekiko da Harriondoa Kultur Etxea asteburu honetan. Inaugurazio ekitaldi ofiziala abenduaren 27an, ortziral arratsaldeko 6:30ean eginen da, baina asteburu osoan hainbat emanaldi izanen dira.

Lesakako kultur eragile guztien artean sustatutako egitarau zabalarekin irekiko da Harriondoa Kultur Etxea asteburu honetan. Inaugurazio ekitaldi ofiziala abenduaren 27an, ortziral arratsaldeko 6:30ean eginen da, baina asteburu osoan hainbat emanaldi izanen dira.

Abenduaren 27an, ortziral arratsaldeko 6etan kalejira eginen dute soinulariek eta asteburu osoan eginen diren karrikabueltak bezalaxe, Kultur Etxean bukatuko da. 18:30ean eginen da ekitaldia Harriondoako atarian. Ate irekiera, luntxa eta txokolatada izanen dira. 20:30ean, Giltzarri Abesbatzak kintzertua eskainiko du Txokobiko aretoan.

Abenduaren 28an, larunbat goizeko 9:30ean kalejira eginen dute txistulariek. 10:00etan Irain eskolako margo lehiaketa eginen da. 11:00etan Tantirumairu ikastolaren ikuskizuna eta 12:00etan ipuin kontalaria, Irain eskolaren eskutik. 16:00etan berri ere kalejira eginen dute txistulariek. 16:30ean Bortzirietako Gorriak taldeak haur jokuak antolatu ditu Konbentuko elizan eta 19:00etan Lesakako Abesbatzaren 31. Urteurreneko emanaldia eskainiko du Txokobikon.

Abenduaren 29an, igande goizeko 10:30ean kalejira eskainiko dute trikitilariek. 11:00etan Lesakako bandaren kontzertu didaktikoa izanen da Txokobikon. 12:30ean Bertso Eskolaren bertso-saioa leku berean. 16:30ean ere kalejira eskainiko dute trikitilariek. 17:00etan Haur Txokoa, Lagunekin Jolasean konbentuko elizan. 17:30ean Beti Gazte elkarteak antolatutako Ezagutu dezagun Lesaka lehiaketako sari banaketa eginen da. 18:30ean, “Lesaka euskararen arnasgune” Euskara Batzordearen eskutik Txokobikon. 19:00etan Tantirumairau taldearen dantza emanaldia liburutegian eta ondotik “Harriondoaren lehen urratsak…” amaiera ekitaldia Txokobikon.

Ekitaldi hauez gain, egunero olengzeroen, eskulan taldeen, margo taldeen eta Beti Gazteko argazki lehiaketako lanak ikusgai izanen dira, bideo eta dokumental emanaldiak eskainiko dira eta Burdinaren Museoa irekita izanen da.

 

Prozesu luze eta gorabeheratsua

Luze joko luke kultur etxea eraikitzearen asmoa lehen aldiz sortu zenetik, Harriondoa bera eraiki den arteko pausuak, prozesuak eta gorabeherak azaltzea, ugariak izan baitira. Azpimarragarriena, Madriletik jasotako diru-laguntzak (3,6 milioi) eta administrazio publiko ezberdinetatik jarritako baldintza tekniko zorrotzak (inongo diru-laguntzarik gabe) izan daitezke. Izan ere, azken hauen ondorioz zeuden eraikin zein espazioak modu eraginkorrenean erabiltzea oztopatu baitute, proiektuaren tamaina eta beraz, eraikitzea suposatzen zuen kostu ekonomikoa handituz. Horren ondorioz, Udalak azken 2 urte hauetan, proiektua diru kopuru zehatz horretara (3,6 milioi) egokitu behar izan du.

Diru egokitzapen honek berekin ekarri du, liburutegiko ekipamendua ezin aurrera eramatea. Nafarroako Gobernuak 500.000 euroko laguntza emateko prest egon arren ez da oraindik ere jaso. Hala ere, 2014. urtean zehar, arazo honi konponbidea ematekotan da Udala, Herriko Etxeko 3. solairutik Kultur Etxe­ko behe solairura eramanen baitu liburutegia, beharrezkoak diren segurtasun eta sarrera bide egokiak ziurtatuz.

Herriko Etxetik aipatu dutenez, «bizi dugun egoera ekonomikoa horrelako proiektu baten­tzat egokiena ez dena arren, Lesakak duen he­rri kultura eta haien gibe­lean dauden eragileen gaitasunak ziurta­tzen du aitzinera aterako dela. Hortaz, Harriondoa eraikinaz gain, kultur proiektu herrikoia izan nahi du, bertatik, bertara eta bertakoentzat izanen den kultura sus­tatuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun