2014ko urtarrilaren 18an, 12:00etan, Lesakako Harriondoa Kultur Etxean ‘Gure esku dago’, Euskal Herriak duen erabakitzeko eskubidearen dinamika zabalaren aurkezpena eginen da. Ekitaldi honen berri emateko, abenduaren 20an agerpen bat egin zuten Lesakako Udaletxeko Pleno Aretoan egitasmoari sostengua emateko bildutako eremu eta sentsibilitate desberdineko hainbat lesakarrek.
Bertan elkartutakoen ordezkari gisa, hitza hartu zuen Maite Bidartek eta herritar guztiak gonbidatu zituen urtarrilean ospatuko den aurkezpenean parte hartzera: “Elkarlanean eta auzolanean, aitzinera begira pausoak emateko prest gaude, prest eta ilusionatuak. Argi ikusten dugulako, orain herritarrek hartu behar dugula lekukoa”, adierazi zuen.
Hortaz gain, 2014ko ekainaren 8an Iruñea eta Durango batuko dituen erabakitzeko eskubidearen aldeko gizakatean lesakarrak ere han izango direla aipatu zuen.
"Gure esku dago" dinamikaren helburuak erabakitzeko eskubidearen beharra, aukera eta zilegitasuna gizarteratzea eta herritarrak aktibatzea dira. Guzti hori errespetua eta batuketan oinarrituz eta jarrera positibo batekin, dibertsitatea eta pluralitatea printzipio nagusi direlarik. Herri gisa geure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula eta erabakia hartzea herritarroi dagokigula aldarrikatzen du.