Lesakako Harriondoa Kultur Etxeari ongietorria eman diote herritarrek hainbat ekitaldirekin

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 2a

Lesakako Abesbatzak 31. urteurreneko emanaldia eskaini zuen. Aitor Arotzena

Ortziraleko inaugurazioan, San Fermin elkarteko Carmelo Etxartek eta 5 urteko Maddi Zubieta eta Goiuri Urrak moztu zuten zinta, kultur transmisioaren erakusgarri

Urte aunitzetako gorabeheren ondotik, Harriondoa Kultur Etxea ireki dute Lesakan eta asteburu osoan egindako ekitaldia eman diote ongietorria herritarrek. Ortziraleko inaugurazioan, Martxel Rodriguez, Mikel Galardi eta Leire Igoak dantzatu eta abesbatzak kantatutako aurreskuaren ondotik, San Fermin erretiratuen elkarteko Karmelo Etxartek, Peio Etxabide alkateak eta Maddi Zubieta eta Goiuri Urra 5 urteko neska-mutikoek moztu zuten zinta, kultur transmisioaren erakusgarri. Ondotik, asteburu osoan hainbat ekitaldi egin ziren. Ikusi argazkiak

Urte aunitzetako gorabeheren ondotik, Harriondoa Kultur Etxea ireki dute Lesakan eta asteburu osoan egindako ekitaldia eman diote ongietorria herritarrek. Ortziraleko inaugurazioan, Martxel Rodriguez, Mikel Galardi eta Leire Igoak dantzatu eta abesbatzak kantatutako aurreskuaren ondotik, San Fermin erretiratuen elkarteko Karmelo Etxartek, Peio Etxabide alkateak eta Maddi Zubieta eta Goiuri Urra 5 urteko neska-mutikoek moztu zuten zinta, kultur transmisioaren erakusgarri. Ondotik, asteburu osoan hainbat ekitaldi egin ziren. Ikusi argazkiak

Ortziraleko inaugurazio ekitaldia Kulktur Etxearen atarian egin zen eta taulatura herriko kultur eragile guziak igo ziren. Oroimen berezia izan zen 2013an hildako bi lesakarrentzat, Pascual Aldave konpositorearentzat eta 16 urtez Beti Gazte elkarteko presidente izandako Salvador Yancirentzat. PNVko udal zinegotzirik ez zen izan ekitaldian. Beraien ustez, «ekitaldi xumea egin behar zen, baina instituzionala, maila handiko gonbidatuekin, hala nola 2007. urtean Madrilen 3,6 milioi euroko dirulaguntza lortu zuten diputatuak, Nafarroako Gobernuko kultura kontseilaria edo, zergatik ez, Kultura ministeritzako ordezkariren bat, baina Bilduk ez zuen onartu».

Xeberiano Txoperena Ainara Flores zinegotziek kultur etxea gauzatu ahal izateko izandako gorabeheren berri eman zuten, baina zailena hemendi aitzinera datorrela gogorarazi zuten, «hemendik aitzinera guzion artean bizia eman beharko diogulako». Solasaldi, aurresku eta zinta moztu ondotik, Harriondoako ateak ireki eta barnera sartu ziren herritarrak. Asteburu osoan hainbat ekitaldi izan ziren.

Ortziralean berean, Giltzarri Abesbatzak kontzertua eskaini zuen 260 ikuslerendako tokia duen Txokobiko auditorio dotorean.

Larunbat goizean Irain eskolak eta Tantirumairu ikastolak antolatutako ekitaldiak izan ziren eta arratsaldean Bortzirietako Gorriak taldeak haur jokuak antolatu zituen Konbentuko elizan. Hain zuzen, lehendik zegoen komentuko kapera barrenetik hustu eta pixko bat txukundu da eta aterpe goxoa eskaintzen du horrelako ekitaldietarako. Biharamonean ere, haur jokoak bertan egin ziren.

 

Abesbatzaren 31. Urteurreneko emanaldia

Lesakako Abesbatzak 31. Urteurreneko emanaldia ere eskaini zuen larunbat arratsaldean Txokobikon. 1982an sortu zen Abesbatza, lehenagotik zegoen parrokiaren abesbatzaren eskutik. Orduz geroztik, eta erlijio-musikaz aparte, errepertorioa hornitu du hainbat estilotako musikarekin, baina euskal folklorea nagusi izan du beti. Gaur egun 34 lagunek osatzen dute abesbatza, den-denak Lesakan jaio edo bizi direnak. Marisol Pérez Olaetxea da zuzendaria eta Maider Goizueta Sarratea haren laguntzaile. Larunbateko emanaldian, polifonia, ahots baxuak, kanta herrikoiak eta Eguberrietako kantuak eskaini zituzten, Agustin Arriola eta Maria Pombar laguntzaile zituztela organoan, pianoan eta akordeoian.

Abenduaren 29an, igande goizean Lesakako bandaren kontzertu didaktiko bikainak ttiki utzi zuen Txokobiko aretoa. Ondotik, Bertso Eskolaren bertso-saioa izan zen leku berean. Lehenik, ertainek bertso musikatuak eskaini zituzten, ttikienek Txanogorritxoren ipuinaren bertso-antzerkia eta helduek, Bortzirietako taldekako XV. Txapelketaren lehen saioa eskaini zuten. Josu Sanjurjo, Iban Garro eta Xabier Terreros gailendu zitzaizkien Eneko Fernandez eta Juan Mari eta Maddalen Lopez aita-alabei, baina bi hirukoteak ariko dira asteburu honetako saioetan. Beti Gazte elkarteak antolatutako Ezagutu dezagun Lesaka lehiaketako sari banaketa eginen zen, “Lesaka euskararen arnasgune” Euskara Batzordearen eskutik, Tantirumairau Euskal Folklore taldearen “Monogamo inperfektoak” emanaldia liburutegian eta ondotik “Harriondoaren lehen urratsak…” amaiera ekitaldia egin zen Txokobikon. Asteburu osoan, kamara eta mikrofonoak gainean zituztela Jon Mitxeltorenak, Amaia Eneterreagak eta Irantzu Pastorrek prestatutako ikusentzunekoak laburbildu zuen asteburuan Kultur Etxean gertatutakoa.

Ekitaldi hauez gain, egunero olentzeroen, eskulan taldeen, margo taldeen eta Beti Gazteko argazki lehiaketako lanak ikusgai izan ziren, bideo eta dokumental emanaldiak eskaini ziren eta Burdinaren Museoa ere irekia izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun