148 azienda aurkeztu ziren azaroaren 28an, Bortzirietako feria egunean parte hartzera. Horietatik 104 zaltabereak ziren, tartean ponniak, pottokak eta monturakoak zirela, 39 behi, batzuk bere aretzearekin eta zezenkoren bat betabereetan eta bortz ahari.
Haragitarako behien kategorian lehenbiziko eta bigarren sariak, 190 eta 160 euro, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoa Etxebesterentzat izan ziren eta hirugarrena, 100 euro, Lesakako Iriberriko Jon Muñoa Otxotekorentzat.
Suitzen kategorian, 190 euroko lehen saria eta 100 euroko hirugarrena, Lesakako Gillenbordako Francisco Javier Altzugarairen bi bururentzat izan ziren. Bigarren saria, berriz, 160 euro, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu zuen.
Zaldi aziendetan, 125 euroko lehen saria Arantzako Vicente Arozenarentzat izan zen eta 95 euroko bigarrena eta 50 euroko hirugarrena Iriberriko Jon Muñoarentzat izan ziren. Azken bi urteetan bezala, pottoka, montura eta ponni onenak ere saritu ziren. Honela, Marisol Otxotekok 100 euro eskuratu zituen pottoka onenarengatik, Miguel Almandozek 80 euro bere montura behorrarengatik eta Jaime Etxegarai beratarrak 70 euro ponni onena plazaratzeagatik.
Aharietan, bortz buru aurkeztu ziren eta hiru sariak Jose Mari Aranibarrek plazaratutakoentzat izan ziren.
Baina azienda feriaz gain, karrikek salmenta postuez gainezka egin zuten. Eskulangileek Alondigako eta Herriko Etxeko arkupetan aterpetu ziren eta nekazaritza lanabes zaharren erakusketa ere antolatu zuten gazteek. Plazan, herri kirol saioa izan zen eta Unai Agirre eta Julio Soto bertsolariak kantari aritu ziren kioskotik, presoen senide eta lagunek hauen eskubideen aldeko elkarretaratzea ixilean egiten zuten bitartean. Elkartasun zerria ere zozketatu zuten eta 0768 zenbakia suertatu zen sariduna. Arratsaldeko pilota jaialdiko partida nagusian, Patxi Eugik eta Iñaki Otxandorenak 22-18 irabazi zieten Beñat Oronoz herritarrari eta atzelari aritu zen Mikel Goñiri.
AJOARRIERO LEHIAKETA
Bezperako ajoarriero lehiaketan 11 bikote bildu ziren, horietatik 6 Bortzirietako Gorriak peñarenak, eta bertzeak, Arransurde, Bakailu Kuisine, Irain Guraso Elkartea, Euskal Artzainak Ameriketan eta Lesakako Zerbitzuen Elkartetakoak. Zerbitzuen Elkarteko Juan Luis Otxotekok eta Antton Gurutxet-ek eskuratu zuten lehen saria. Bigarren, Bortzirietako Gorriak peñako Alicia Martin eta Juan Ignacio Etxepare eta hirugarren Osasunazaleen talde bereko Agustin Zubieta eta Patxi Oteiza izan ziren.