Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Bai Euskarari Zozketa antolatu du. Guztira 10.000 boleto prestatu dituzte, Bortzirietan Bai Euskarari Ziurtagiria duten eragileek beren bezero, ikasle edota bazkideei banatzeko. Zozketatzen diren sariak Bai Euskarari Ziurtagiria duten bi eragilek emanak dira. Abenduaren 4an, asteazken eguerdian zozketa egin da, eta zenbaki saridunak atera dira.
Lehenbiziko zenbaki saritua 7.849 izan da eta Lesakako Oninart-ek banatu du bere bezeroen artean. Saria 60 euroko erosketa da, Berako Sarobe okindegian egiteko.
Bigarren zenbaki saritua 6.479 izan da, eta Igantziko Biltoki Elkarteak banatu du bere bazkideen artean. Saria Berako Halcón Bidaiak bidai agentziak eskainitako 60 euroko erosketa txartela da.
Saridunek urtarrilaren 10era bitarteko epea dute mankomunitatearekin harremanean jartzeko. Horretarako nahikoa da goizetan telefonoz 948634125 zenbakira deitzea. Jakinarazi dute epe horretan ez balira zenbaki saridunen jabeak agertuko, sariak eman gabe geldituko liratekeela.