Eguberrietan, familiei kontziliazioa errazteko asmoarekin, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen bidez haur txoko edo ludoteka zerbitzua eskainiko da Arantzan, Beran, Etxalarren, Igantzin eta Lesakan. Izen ematea abenduaren 20ra arte egin daiteke, 15 euroko kuota ordainduz.
Arantza, Igantzi eta Lesakan, abenduaren 23, 26, 27, 30 eta 31n eta urtarrilaren 2 eta 3an eskainiko da, 10:00etatik 13:00etara. Arantzako eskolan, Igantziko ziberrean eta Lesakako igerilekuan emanen da. Etxalarren eta Beran, berriz, abenduaren 23, 24, 26, 27 eta 30ean eta urtarrilaren 2 eta 3an izanen da haur txokoa, ordutegi berean. Etxalarren eskola zaharretan eta Beran Beralandetan izanen da. Haur kopuruari dagokionez, Arantza, Etxalar eta Igantzin guttienez 15 haur eskatzen dituzte zerbitzua eskaintzeko eta Beran eta Lesakan 20.
Izen ematea Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko 948 635036 telefonora deituz edo ssblesaka@lesaka.net helbide elektronikora idatziz egin daiteke abenduaren 20a bitarte, 15 euroko kuota ordainduta.
Zer da haur txokoa edo ludoteka?
Haur Txokoa da haurrek beren denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune bat, solidaritatean eta berdintasunean oinarritzen dena.
Bidenabar, zerbitzu honen bitartez, gurasoei aukera bat ematen diete seme-alaben heziketa bateratu ahal izateko euren lanarekin edo denbora librearekin.
Bortzirietako haur txokoak koedukazioan ikasteko edota elkartzeko gune bat izan nahi du, eta bertan parte hartuko dutenak bultzatu nahi ditu, balore solidarioak praktikan jartzeaz gainera, errespetuaren eta elkar laguntzaren garrantziaz gogoeta egitera.