Igantziko Irisarriko jauregiko instalazioak irekitzen direnean, txirrindulazaleek Irrisarri Bike izeneko bizikleta parkeaz gozatzeko aukera ere izanen dute. Bertan, jautsiera pistak eta Dirt Park bat ere izanen da, hau da, saltoak egiteko zirkuitua. Gisa honetako instalaziorik ez dago Euskal Herri osoan, ezta inguruan ere.
Beraz, hasiberrietatik hasi eta profesional bitarteko mendi bizikleta eta BMX zaleak bildu nahi ditu, zailtasunaren arabera markatuak egonen diren zirkuitu ezberdinetan. Gainera, inguruko mendietan ibiltzeko cross country ibilbideak proposatuko dituzte, GPSarekin gidatuak, baita Enduro ibilbideak eta haurrendako zirkuitoa ere. Txirrindulari eskola bat eta kategoria ezberdinetako taldea ere osatu nahi dituzte.
2010 urtera arte Dirt Jumpean eta mendi bizikletan ibili zen Hegoi Ado beratarrak diseinatu du Irrisarri Bike eta berak kudeatuko du instalazioa.