Etxalarko Kultur Etxean haurrentzako gozo eltze (piñata) tailerra antolatu dute abenduaren 11 eta 18an, arratsaldeko 5etatik 6etara. Kultur Etxetik jakinarazi dutenez, partehartzaileek aixturrak eraman beharko dituzte eta panpina prestatu ondotik, goxokiz bete eta gozatzeko modua izanen da. Kultur Etxean eman behar da izena.
Abenduaren 22an, berriz, truke azoka eginen da herriko pilotalekuan arratsaldeko 4etatik 6etara, Etxalarko Kultur Batzordeak antolatuta. Behar ez dena ekarri eta nahi dena eramateko aukera izanen da, jostailuak, arropak, diskak, filmak… Azokaren baitan, arratsaldeko 5etan Gozo Eltzeen lehertzea eta opari banaketa eginen da, Kultur Etxean aitzineko asteetan egindako tailerren emaitza gisa. Ondotik, merendua eskainiko da haur eta helduentzat. Jostailuak azokara bertara eraman daitezke. Hala egin nahi ez dutenentzat, aukera izanen da aitzineko astean zehar Kultur Etxean jasotzeko, arduradunari emanez abenduaren 20a arte.